Gernikako Estatutua betetzeko lan eginen du Jaurlaritzak, «herritarren bizi baldintzak hobetzeko»

Denis Itxasok dio transferentziak «gauza serioak» direla, «gobernuen artean» landu beharrekoak. Andoni Ortuzarrek sinesten du Pedro Sanchezen gobernuak aurrekontuak onartuko dituela, eta «bi urte edo bi urte eta erdi ziurtatuta» izanen dituztela.

Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburua, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Bingen Zupiria, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 12a
15:15
Entzun

Aldiriko trenen zerbitzuari, atzerriko unibertsitate ikasketen homologazioari eta errefuxiatuen harreraren bigarren faseari lotutako eskumenak eskuratuta, bertze eskuduntza batzuk lortzeko helburua du EAJk. Tartean, Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak atzo adierazi zuen «portuak eta aireportuak» dauzkatela «datozen hilabeteetako» helburutzat. Zehazki, Gasteizko aireportuari erreparatu zion, Forondari. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bide beretik egin ditu adierazpenak, Jaurlaritzak Gernikako Estatutua betetzeko lanean jarraituko duela erranez, «herritarren bizi baldintzak hobetzen jarraitzeko».

Gehitu du EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuak «ahal bezain ondo» kudeatu duela autogobernua. Izan ere, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak erran du lehendakarigai gisa Pradalesek «egokiena iruditzen zaiona» erran dezakeela, baina transferentziak «gauza serioak» direla, «gobernuen artean» landu beharrekoak. Gehitu du zenbaitetan eskumen gehiago planteatzen direla, hain justu, jada badaudenak nola gestionatzen ari diren ez ikusteko. Azpimarratu duenez, eskuduntza bat ziurtasunez gauzatzeko, «beharrezkoa» da denbora: «Guk autogobernu hobea ere lortu nahi dugu, ez bakarrik autogobernu gehiago». Hala ere, bidea egiteko dagoela onartu du: «Eskumenak falta dira osatzeko». Alde horretatik, Zupiriak gogoratu du autogobernu urte gehienetan Itxasoren alderdiaren (PSE-EE) eta EAJren arteko koalizioa egon dela agintean, eta denak egon direla lanean.

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, berriz, balioa eman dio aldiriko trenen transferentziari: eskumen aldaketa horrek «trenbideen arloan Euskadirentzat aro berri bat» irekitzen duelako. Gehitu du Jaurlaritzak Euskotrenen bidez kudeatuko dituen aldiriko bost zerbitzu berri gehituko direla, eta, horrez gain, «dauden distantzia ertaineko lineak aprobetxatzeko aukera» emanen diela transferentziak, «lehen ez dauden lekuan zerbitzu berriak sortzeko».

Oro har, Jaurlaritzaren egitekoa izanen da erregulazioa, trenbide eskaintzaren planifikazioa, zerbitzu horiek ikuskatu, koordinatu eta kudeatzea, eta tarifak ezartzea. Arriolak zehaztu du zerbitzu berriak Karrantzan (Bizkaia), Araian eta Manzanosen (Araba) sortuko direla. Jada badauden lineei lotutako adierazpenak ere egin ditu: «Linea horien guztien kudeaketak maniobra tarte handiagoa ematen digu Euskadin bidaiarien garraioa antolatzeko, eta garrantzi handiko urratsa da gure lurraldean aldiriko trenbideen mapa osatzeko».

Hala ere, azpimarratu du «bide luzea eta lan handia» geratzen zaiela eskumena gauzatu baino lehen: lehenagotik dauden zerbitzuen xehetasun batzuk doitzea, eta zerbitzu berrien definizio «zehatza» egitea. Hortaz, erabakia bi aldizkarietan argitaratu eta gehienez ere sei hilabetera, Eusko Jaurlaritza Espainiako Estatuaren lekuan subrogatzeko akordioa sinatuko dute –bertan zehaztuko da eskualdatze data–, gobernu horrek Renfe Bidaiariak operadorearekin duen kontratuan. Hitzarmen hori 2027aren amaierara arte dago indarrean.

Bi urte «ziurtatuta»

Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak, berriz, «balioa eman» dio Espainiako Gobernuak eskuduntzen aferan hitza bete izanari. Gainera, sinesten du legealdi honetan beteko dela Gernikako Estatutua, eta «estatus» berri batendako akordioa lortuko dutela.

Adierazpen horiek Herri Irratian egin ditu, sinetsita Pedro Sanchezen gobernuak aurrekontuak onartuko dituela, eta «bi urte edo bi urte eta erdi ziurtatuak» izanen dituztela.

EH Bilduk, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu dio aurrekontuen negoziazioa «azkartzeko». Oskar Matute koalizioko diputatuak erran du hainbat aste daramatzatela aurrekontuen afera negoziatzen, eta 2024rako aurrekontu «onak, handinahiak eta ausartak» adostea espero dutela. Beren helburua zein den argi erran du: «Neurri zehatzak eta argiak gizarte eta lan eskubideetan eta langileen gehiengoarentzako hobekuntzetan». Hala, negoziatzen jarraituko dute, «zuhurtziaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.