Geroa Bairen eta PSNren arteko akordioa txarretsi dute ikastolek: «Bizkarra eman diete gure aldarrikapenei»

Uste dute hitzarmena «zehaztugabea» dela eta ez duela ezer bermatzen. «Nafarroako hezkuntza komunitateak eta ikastolek azken asteetan ozen egindako eskaerak» aintzat hartzeko eskatu diete talde politikoei.

Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, gaurko agerraldian. NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA
Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, gaurko agerraldian. NAFARROAKO IKASTOLEN ELKARTEA
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko maiatzaren 13a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako ikastolek ez dute begi onez ikusi PSNk eta Geroa Baik gaur iragarritako akordioa. «Ez ditu jasotzen azken asteotan nafar gizarteak eta hezkuntza komunitateak ozen egindako eskaerak», laburbildu du Oier Sanjurjok, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, gaur arratsaldean egin duten presazko agerraldian. Sanjurjorekin batera, hedabideen aurrean agertu dira NIEko zuzendari Josu Reparaz eta hamar zentrotako ordezkariak.

Ikastoletako zenbait ikasgela ixtea «erabaki politiko eta arbitrarioa» dela berretsi du Sanjurjok, eta kezka agertu du, PSNk eta Geroa Baik sinatutako agiriak ez duelako argitzen zer gertatuko den ixteko mehatxupean ziren unitate horiekin. «Zur eta lur utzi gaitu erabakiak. Zer gertatuko da zazpi ikastola horietako gelekin? Testua irakurrita ulertzen duguna da bide judizialaren menpe dagoela dena, eta horren arabera hartuko dituztela erabakiak. Baina gu ezin gara geratu besoak gurutzatuta».

Reparazek gehitu du ikastolen «eskaera nagusia» dela ratioak era berean murriztea hala ikastetxe publikoetan nola itunpekoetan, eta akordio honek ez diola eskaera horri erantzunen: «Ikasgela horiek ixteko erabakian atzera egitea, hori da espero genuena, baina itun honetan ez da halakorik esaten. Etsigarria da».

Eskaera alderdiei

Nafarroako Parlamentua osatzen duten talde politiko guztiei eskatu diete «entzun ditzatela Nafarroako hezkuntza komunitateak eta ikastolek azken asteetan ozen egindako eskaerak», eta dei egin diete egoera «elkarrizketaren bidez» konpontzeko, «epaitegien zain egon gabe».

Sanjurjok gogorarazi du Nafarroako ikastolek herrialde osoan egin dituztela mobilizazioak «berdintasunaren alde, euskarazko hezkuntzaren alde eta murrizketen aurka», eta uste dute gobernua «mugiarazi» dutela, baina ez dela nahikoa. Hortaz, iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela aurrerantzean ere: «Ezin dugu atzerapausorik onartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA