Gero eta gazteagoak dira EAEn bazterturik bizi eta adikzio larriak dituztenak

Eusko Jaurlaritzako Erdu programak artatutako gehienak 18 eta 35 urte bitarteko gizonezkoak dira, eta erdiek baino gehiagok pregabalina botikarekiko adikzioa dute. Artatutakoen %86 kale gorrian bizi dira.

Pertsona bat kale gorrian. BERRIA
Pertsona bat kale gorrian. BERRIA
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 2a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bazterturik bizi eta adikzioak dituztenen profila gaztetzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Erdu programaren 2025eko memorian bistaratu denez. Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak argitara emandako txostenaren arabera, Erdu programak artatutako pertsona gehienak 18 eta 35 urte bitarteko gizonezkoak dira, eta erdiek baino gehiagok pregabalinarekiko adikzioa dute —epilepsia, min neuropatikoa eta antsietate nahasmendua artatzeko antsiolitikoa da—.

Adikzioak dituztenak artatzeko programa komunitarioa da Erdu, eta urtean 500 pertsona ingururi ematen die arreta EAEn: gehienak kale gorrian edo infraetxeetan bizi dira, eta osasun mentaleko eta adikzioetako arazo larriak dituzte. 2025ean, zehazki, 464 pertsona artatu zituen hiru lurraldeetan.

Adikzioak dituztenak gero eta gazteagoak izateak kezka piztu du Jaurlaritzan. Hala ere, Nerea Melgosa sailburuak azpimarratu du programak aukera ematen duela gazteen artean muturreko bazterkeria goiz detektatzeko, eta «erantzunak egokitzeko substantzien kontsumo problematikoa bizi osorako sufrikario bihur ez dadin».

Adikzioak eta patologiak

Txostenean, agerian geratu du artatutakoak muturreko egoeran bizi direla: hamarretik bederatzik adikzio aktiboa dute (%89), eta erdiek baino gehiagok, patologia duala (%53). Kontsumitutako substantzien artean, pregabalina da nagusi: nerbio sistemarekin lotutako hainbat patologiatarako botika da, baina azken urteotan gora egin du haren erabilera desegokiak eta horri lotutako mendekotasunak. Botika horrekin batera, alkohola, kanabisa, kokaina eta heroina dira gehien kontsumitzen diren drogak.

Memorian jaso dutenez, artatutakoen %86 kale gorrian bizi dira edo bizitegi baldintza oso prekarioetan daude, eta askok kontsumo ibilbide luze eta kronifikatuak dituzte, baita osasun mentaleko arazoak ere. Hala ere, programari esker lortu egin dute zenbait ondorio apaltzea: hamar kasutik zortzitan pertsonarekin adostutako helburuak bete dira, hala nola kontsumoa murriztea, osasun egoera hobetzea, gizarte eta osasun baliabideetara sartzea edo egoitza egonkortzea.

Kalean, aterpetxeetan, jantoki sozialetan eta osasun mentaleko zentroetan esku hartzen dute programako lantaldeek. Horrez gain, gizarte eta osasun sistemen arteko lotura lana egiten dute, udaleko gizarte zerbitzuekin, osasun sarearekin, adikzio zentroekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin koordinatuta.

Sexuari dagokionez, artatutakoen %92 gizonak dira, baina emakumeek —%8— esku hartze espezifikoa eskatzen duten kalteberatasun egoerak dituzte. Erabiltzaile askok atzerriko jatorria dute, eta, ondorioz, administrazio egoera irregularrei, hizkuntza oztopoei eta laguntza sarerik ezari dagozkien premiak dituzte, txostenean agerian geratu denez.

Jaurlaritzak nabarmendu du pertsona horiek urte luzez aritu direla kontsumitzen, osasun arazo larriak dituztela, eta familia eta gizarte sareak ia erabat hautsita dauzkatela. Hori horrela, programaren helburu nagusia zera da, hurbiltasunezko esku hartzearen bidez «konfiantza» sortzea, eta, pixkanaka, muturreko egoeratik ateratzeko baliabideak ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.