EAJk baztertu egin du Getxoko alkateak dimisioa ematea

Iñigo Ansola BBBko buruak esan du Irurac Bat jauregiaren auzian «koherente, azkar eta irmo» jokatu dutela. PSE-EEk adierazi du ez duela udal gobernua utziko.

Irurac Bat jauregi historikoaren orubea, Getxon. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irurac Bat jauregi historikoaren orubea, Getxon. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 24a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolak baztertu egin du Irurac Bat jauregiaren auziagatik Getxoko alkatea kargutik kentzea, eta adierazi du bere alderdiak auzi horretan une oro «koherente, azkar eta irmo» jokatu duela. «Joan den igandean esan genuen prozesu honetan aldaketa garrantzitsuren bat ikusten bagenuen EAJk irmo eta azkar jokatuko zuela, eta hala egin dugu».

Atzo jakin zen Getxoko 2. Instrukzio Epaitegiak Getxoko Udaleko EAJko hiru zinegotzi —Ignacio Uriarte, Irantzu Uriarte eta Iñigo Urkitza— inputatu dituela, Irurac Bat jauregi historiko eta babestua eraisteko prozesuarekin lotuta.

Ansola Lemoako batzokian izan da larunbat honetan, eta han adierazpen labur bat egin du komunikabideen aurrean. Gogorarazi du ikertutako zinegotziek «EAJren esku» utzi dituztela beren zinegotzi agiriak, eta alderdiak «onartu» dituela dimisio horiek. «Zinegotzi horiek berehala ordezkatuko ditugu, eta, hala, Getxoko Udalaren gobernabidea bermatuko dugu».

Horrekin lotuta, Podemosek eta PPk Amaia Agirre Getxoko alkatearen dimisioa eskatu dute, eraistea baimendu zenean udaleko burua hura zelako, baina Ansolak gogoratu du orain arte inputatutakoak hiru zinegotzi eta hiru teknikari direla. «Ez gaude beste ezein suposizioren aurrean, eta ez dugu besterik pentsatuko». Justiziari eskatu dio ikerketa «azkar» egin dezala, eta gertakariak «lehenbailehen» argitu ditzala.

«Argi dugu kargu politiko eta publikook eredu etikoa izan behar dugula; hala egin dugu, eta etorkizunean ere berdin egiten jarraituko dugu»

IÑIGO ANSOLA EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea

Getxoko Udalean EAJren bazkide da PSE-EE, eta hark, berriz, baztertu egin du jeltzaleekin haustea. «Ez da presazko eztabaidak eta espekulazioak elikatzeko garaia. Arduraz jokatuko dugu, gertaeren bilakaera urratsez urrats aztertuz eta une bakoitzean dagozkion erabakiak hartuz», esan du Carmen Diaz bozeramaileak. Hala ere, ikertutako gertakariak «oso larriak» direla azpimarratu du, eta «gardentasun osoz» jokatzeko eskatu dio EAJri.

EH Bilduk adierazi du «arreta handiz» erreparatuko diola ikerketa judizialari. Haren ustez, beharrezkoa da «ikerketa zabaltzea eta gertakariak sakon ikertzea».

Errugabetasun presuntzioa

Auziak hautsak harrotu ditu alderdi jeltzalean. Ansola, hala ere, zuhur mintzatu da. Adierazi duenez, nahiz eta epaileak sumarioari sekretua kendu, ez daki oraindik zehazki zer dioen. Hala, berretsi du ikertutako pertsonak ez dituela «aurrez epaituko», eta haien errugabetasun presuntzioa errespetatzen duela. Aurrera begira, esan du orain arte bezala jokatuko dutela. «Argi dugu kargu politiko eta publikook eredu etikoa izan behar dugula; hala egin dugu, eta etorkizunean ere berdin egiten jarraituko dugu»

Egungo udal gobernuarekin eraitsi zen Irurac Bat Jauregia, 2024ko abuztuan. Garbi utzitako orube horretan luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzea zen asmoa. Biurban kooperatibak bultzatu zuen proiektu hori, eta bertako kide dira Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte zinegotziak. Epaileak beste zinegotzi bat, hiru udal teknikari —Hirigintza Saileko bi goi kargudun eta arkitektoa— eta proiektuan parte hartu zuten enpresetako beste lau lagun inputatu ditu, ondarearen kontrako delituengatik.

2024ko udan jauregia bota ostean Getxoko Udaleko EH Bilduk ikerketa batzorde bat eratzea proposatu zuen, baina EAJk eta PSE-EEk uko egin zioten —bi alderdiak daude udal gobernuan—. Ondoren, fiskaltzak heldu zion auziari, eta orain epailearen esku dago ikerketa. Iazko azaroan EAJk eta PSE-EEk onartu zuten eraiste horrek ez zituela bete emandako lizentziaren baldintzak, ez zelako hura botatzeko baimenik eman.

Iragan asteko asteazkenean Ertzaintzak Getxoko Udaleko Hirigintza, Herri Lan eta Ingurumen Bulegoa miatu zuen, epailearen aginduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.