Getxora (Bizkaia) begira jarri da gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, eta inputatutako hiru alderdikideen errugabetasun presuntzioa defendatu du. Izan ere, Getxoko Udaleko EAJko hiru zinegotzi inputatu ditu herri horretako 2. Instrukzio Epaitegiak —Irantzu Uriarte, Ignacio Uriarte eta Iñigo Urkitza—, Irurak Bat jauregia eraistean delituak egin zituztelakoan. Biurban etxebizitza kooperatibak 2024an bota zuen eraikina, eta kooperatiba horretako bazkideak dira Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte. Bertan luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzea zen plana, baina babestuta zegoen eraikina, eta, hori jakinda nahita eraitsi zutelako, ondarearen kontrako delitu bat egin ote duten ebazten ari da epailea. Zupiriak salatu du ez dagoela hori baieztatzen duen frogarik, eta haien errugabetasun presuntzioa defendatuko duela, kontrakorik adierazten den arte.Â
Sailburuak Radio Euskadin egin ditu adierazpenak, eta «ardura instituzionala» dutenei «finak» izan daitezela eskatu die, bertzeak bertze. Ikertutakoak —hiru zinegotziak eta bertze zazpi pertsona: hiru udal teknikari, eta eraistean esku hartu zuten lau pertsona— otsailaren 25erako deitu dituzte epailearen aurrean deklaratzera. Zupiriaren irudiko, Ertzaintza «polizia judizial gisa» ari da jarduten, eta ez gorputz autonomo gisa. Honela gehitu du: «Ertzaintza orain, beste kasu batzuetan egiten ari den bezala, justiziarekin lan egiten duen eta hainbat datu ikertzen dituen Polizia gisa ari da lanean, legez kanpoko portaerarik egon den edo ez ikusteko».Â
Getxoko kasuaren inguruan zalantzati agertu da irratian; izan ere, «pertsona horiek erredunak diren jakin gabe» inputatu dituzte, eta gaiaz «arduratuta» dago. Alderdiak «denbora luzez ordainduko duen kondena» dela adierazi du, eta epaileei eskatu die ez daitezela behar baino gehiago luzatu. Eta bigarren aldiz eskatu du bakoitza «fin» ari dadila dagokion lanean, nola erantzukizun instituzionala dutenak, hala gainerakoak. «Honekin ez dut esan nahi nire Getxoko lankideak finak izan ez direnik, baina uste dut komeni dela gogoratzea», erran du.Â
Bi delitu egozten dizkiete inputatuei: ondare historikoaren gaineko delitu bat eta ondare horren kontrako prebarikazio delitu bat. Zupiriak erran duenez, orain alderdikideak defendatzea dagokio berari, eta aitzinago ikusiko da epaileak zer ebazten duen. «Epailearen esku dago alderdikideen jarrera legearekin bat datorren ala ez ikertzea».Â