EH Bilduk Getxoko alkatearen dimisioa eskatuko du, eta udala kudeatzeko batzorde bat sortzea proposatu

PPk eta Elkarrekin-ek mozio bana aurkeztuko dute Amaia Agirre jeltzaleak dimisioa eman dezala eskatzeko.

Getxoko EH Bilduko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Getxoko EH Bilduko ordezkariak gaurko prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Getxo
2026ko urtarrilaren 28a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru dira Irurak Bat jauregia eraistearen harira inputatuta dauden Getxoko (Bizkaia) zinegotzi jeltzaleak, eta EAJk kargutik kenduak ditu jada. Baina baliteke auziak kolokan jartzea Amaia Agirre alkatearen etorkizuna ere. Biharko osoko bilkuran, PPk eta Elkarrekin-ek mozio bana aurkeztuko dute, alkateak dimititu dezala eskatzeko. EH Bilduk gaur argitu du bide emango diela eskaera horiei, nahiz eta ez duen zehaztu alde bozkatuko duen edo abstenituko den. Horrez gain, alderdi guztien ordezkaritza barne hartuko duen udal batzorde bat sortzeko eskatuko du koalizio subiranistak. Bitartean, ikusteko dago EAJren gobernukideek, hau da, PSE-EEko zinegotziek zer egingo duten.

Getxoko Udala EAJk eta PSE-EEk gobernatzen dute, eta EAJko bederatzi zinegotzietatik hiru kargutik kendu dituzte; epaileak inputatuko hirurak, hain zuzen. Biharko osoko bilkuran, beraz, sei zinegotzi izango ditu EAJk, ordezkoen tramitazioa egiteko baitago oraindik. Sozialistek beste hiru ordezkari dituzte, eta PPk eta EH Bilduk seina. Elkarrekin-ek zinegotzi bakarra dauka.

Getxoko EH Bilduk gaur argitu du biharko osoko bilkurari begirako zalantzarik handietako bat: dimisio eskaerak aurrera ateratzea «ahalbidetuko» dute. Mikel Bildosola koalizioko bozeramaileak adierazi duenez, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak «hondoa jo du». Are gehiago, goizean emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, Bildosolak uste du agintaldi honetan EAJren gobernantza eredua «agortuta» dagoela.

Horiek horrela, «aldaketa sakon bat» eskatu du EH Bilduk. Nahi du alderdi guztiek osatutako udal batzorde bat osatzea, zera uste baitu: «Modu horretan bakarrik lortuko dugu hemendik eta agintaldia bukatu arte gardentasunez lan egitea, eta erantzun bat ematea egoera honen ondorioz gehien kaltetu diren horiei; herritarrei, alegia».

«Udal batzorde bat sortuz bakarrik lortuko dugu hemendik eta agintaldia bukatu arte gardentasunez lan egitea, eta erantzun bat ematea egoera honen ondorioz gehien kaltetu diren horiei; herritarrei, alegia»

MIKEL BILDOSOLA Getxoko EH Bilduko bozeramailea

Hori lortzeko, «beharrezkotzat» jotzen dute alkateak kargua uztea, «ez baitauka tokirik udala kudeatzeko batzordea sortzeko proposamenean». «EAJren jokabideak eta EAJren gobernatzeko ereduak eraman gaituzte egoera honetara», gehitu du Bildosolak. Hain zuzen, jada aurkeztua zuen mozioari zuzenketak egingo dizkio bihar EH Bilduk, batzordea abiarazteko proposamena jasotze aldera.

PPk eta Elkarrekin-ek aurkeztutako mozioei dagokienez, zera aurreratu du Getxoko EH Bilduko bozeramaileak: «Alkatearen dimisioa eskatuko dugu, horren alde baikaude. Horiek horrela, biharko osoko bilkuran hori gertatzea ahalbidetuko dugu». 

Bildosolak badaki mozioak ez direla lotesleak, baina, hala ere, azpimarratu du «erabaki politikoak» direla. «Guk argi daukagu zer erantzun eman behar diogun herriari, eta EAJk ere egin beharrekoa egin beharko du. Baina hori haien eskuetan dago». Alegia, gehiengoaren babesik ez izan arren, alkateak karguan segitu dezake, mozio baten bidez eskatuko baitiote dimisioa ematekoak, eta mozioetako eskaerak ez dira bete beharrekoak. 

Gardentasunik eza eta oztopoak

2024ko abuztuan eraitsi zuten Irurak Bat jauregia, eta EH Bildu galderak egiten hasi zen horren inguruan. Are, batzorde berezi bat eskatu zuen auziari buruzko galderak argitzeko. Izan ere, 2023aren hasieran udal arkitekto batek eraistearen aurkako txostena egina zuen, besteak beste. Gero beste txosten bat eskatu zuten, udaleko beste arkitekto batek egina.

Behin jauregia eraitsita, 2024ko udan, udalak fiskaltzara jo zezala ere eskatu zuen EH Bilduk. EAJk eta PSE-EEk ezetz bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen. Auzia EH Bilduk eraman zuen fiskaltzara. Udala akusazio partikular gisa aurkez zedin ere eskatu zuen koalizioak, eta eskaera hari ere ezezkoa eman zioten EAJk eta PSE-EEk. Hori dela eta, Getxoko EH Bilduk uste du alkateak «zilegitasun osoa galdu» duela prozesu horretan guztian.

Auziaren ondorio penalei dagokienez, Getxoko Instrukzioko 2. Epaitegiak delituak izan direlako bi zantzu atzeman ditu Irurak Bat jauregia eraistearekin lotuta. Bata ondare historikoari dagokio, eta bestea, ondare historikoarekin lotutako prebarikazioari. Hamar pertsona inputatu dituzte, tartean udaleko hiru zinegotzi, EAJkoak: Irantzu Uriarte, Ignacio Uriarte eta Iñigo Urkitza. Ikertutakoak otsailaren 25erako deitu dituzte epailearen aurrean deklaratzera.

Ertzainak Getxoko udaletxean sartzen, miaketen egunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ertzainak Getxoko udal bulegoetan sartzen, miaketen egunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Dimisioak eta ordezkoen izendapenak

Hain zuzen, inputatuak izan diren hiru zinegotziek kargu utzia dute jada. Ostiralean, behin inputazioen berri izanda, kargua alderdiaren esku utzi zuten hirurek, «nahiz eta haiek errugabeak direla dioten», Getxoko Udalak ohar bidez azaldu duenez, «baina kargua uztea erabaki dute defentsa errazteko eta EAJren irudia zaintzeko».

Haiek kargua uztearekin batera, nortzuk ordezkatuko dituzten adierazi du Getxoko EAJk: Aingeru Torrontegi Aio, Carlos Sergio Atxotegi eta Elisabete Basañez Perez izango dira ordezkoak. EAJk jakinarazi duenez, tramitazioak hasi dituzte jada,Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak ahalik eta azkarren eman diezaien zinegotzi akreditazioa.

Torrontegik 55 urte ditu, eta zientzia ekonomikoetan lizentziatua da; Basañezek 54 urte ditu, eta administraria da, eta Atxotegik 57 ditu, eta Bizkaiko Diputazioko Kirol zuzendaria da.

Amaia Agirre alkateak jakinarazi du berregituratu egingo dituztela dimisioa eman dutenen ardurapean zeuden sailak, udal zerbitzuak ondo funtzionatuko dutela bermatzeko. Izan ere, zinegotziez gain, udalarekin lotutako teknikariak ere badaude inputatuta, tartean udal arkitektoetako bat.

Kronologia

  • 2020. Eslora enpresak Irurak Bat jauregia eraitsi eta bertan luxuzko etxebizitzak eraikitzeko baimena eskatu zuen. Udal arkitektoak ez zuen botatzeko baimenik eman, eraikina ondare historikoaren parte zelako. Aukera eman zuen jauregia berritzeko. Enpresak atzera egin zuen orduan, argudiatuta berritzea ez zela «errentagarria».
  • 2022. Biurban etxebizitza kooperatibak Irurak Bat jauregia eraitsi eta etxebizitzak egiteko baimena eskuratu zuen. Beste udal arkitekto batek kudeatu zuen baimena. Irantzu Uriarte eta Ignazio Uriarte EAJren zinegotziak Biurban-eko bazkide eginak ziren bizpahiru hilabete lehenago, El Correo egunkariak argitara eman zuenez.

  • 2024ko urtarrila. 

    Biurbanek udalari jakinarazi zion jauregia eraitsi eta etxebizitzak eraikiko zituela.

     

  • 2024ko abuztua. 

    Irurak Bat jauregia eraitsi zuten. Auzia fiskaltzaren esku geratu zen, tartean ondare historikoaren aurkako delitu bat egon zitekeelakoan. U

    dalaren txosten tekniko batean adierazi zuten Irurak Bat berritzeko gastua 3,2 miloi eurokoa zela, eraistea 2,5 euro kostatu zela, eta, beraz, 700.000 euro aurreztu zituztela jauregia eraitsita. Udalaren erabakia izan zen 50.000 euro ordainaraztea eraisketa egin zuen enpresari. Ez zen ordainketarik egin.

  • 2026ko urtarrila. 

    Getxoko Instrukzioko 2. Epaitegiak udaleko bulegoak arakatu zituen. Hirigintza Saila miatu zuen; zehazki, inputatutako zinegotzien bulegoak. Ostiralean hamar pertsona inputatu zituen epaileak, tartean EAJren hiru zinegotziak, udal arkitekto bat eta hainbat teknikari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.