Getxoko institutu bateko ikasleak lekuz aldatuko dituzte, itsasadar azpiko tunelaren lanak direla eta

Zuzendaritzak mezu elektroniko baten bidez eman die aldaketaren berri gurasoei. Hori salatzeko, elkarretaratzea egingo du Subflubialari Ez plataformak martxoaren 13an.

Subflubialari Ez plataformaren elkarretaratze bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Subflubialari Ez plataformaren elkarretaratze bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko martxoaren 5a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Getxoko Artaza-Romo institutuko zuzendaritzak (Bizkaia) jakinarazi die gurasoei 2026-2027ko ikasturtean eraikin nagusia itxi egin beharko dutela, itsasadarraren azpiko tunelaren lanak direla eta. Gurasoei bidalitako mezu elektronikoan azaldu dutenez, bilera izan zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearekin, eta han eman zieten albistearen berri. Romohandi eraikinean dauden ikasleak beste ikastetxe batzuetara lekualdatuko dituzte; Romoko eta Lamiakoko eskolak proposatu dituzte horretarako.

Subflubialari Ez plataformaren arabera, albisteak berretsi egiten du plataformak aspalditik salatutakoa: «Aldundiak egitasmo horrek ekarriko dituen kalteak ukatu dituen arren, honek erakusten du tunelaren bi sarreretako eremuak, hau da, Artaza eta Ballonti, sakrifizio eremu bilakatuko direla».

Iragarpenak 2026-2027ko ikasturteari eragiten badio ere, plataformak uste du itxiera luzatu egingo dela: «Zarata, kutsadura eta bibrazio arazoak egongo dira lanek irauten duten bitartean, eta ez dira obra amaitzen denean bukatuko». Gainera, susmoa dute Artaza-Romo institutua ez dela izango kalteak pairatuko dituen bakarra. «Zer gertatuko da inguruko gainontzeko ikastetxeekin? Zer gertatuko da inguruko bizilagunekin?», galdetu dute.

Plataformak elkarretaratzea egingo du martxoaren 13an, 18:00etan, institutuaren aurrean. Lehenagotik ere, plataformak beste mobilizazio bat iragarria zuen apirilaren 25erako, Getxoko Romo auzoan, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektuaren ondorioz egingo dituzten desjabetzeak salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.