Gida bat sortu dute indarkeria matxistaren biktimek prozesu penalari buruzko «informazio argia» izateko

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Auzitegi Nagusiak aurkeztu dute dokumentua. Salaketa jartzeko garaian emakumeak «seguruago» sentitzea da helburua.

Melgosak, Subijanak eta Elgarrestak gaur aurkeztu dute gida, EAEko Auzitegi Nagusian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 22a
15:00
Entzun

Indarkeria matxistaren biktimek bete behar duten prozesu penalaren inguruko gida bat aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Auzitegi Nagusiak. Salaketa jarri ondoren eman beharreko hurrengo pausoak jaso dituzte hartan. «Justiziaren eremua arrotza egiten zaie hiritar askori; horregatik, ulergarria da biktimek segurtasunik eza sentitzea salaketa jartzen dutenean», zehaztu du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte sailburuak. Informazio «baliagarria» landu nahi izan dute, emakumeak «seguruago» senti daitezen erabakiak hartzeko garaian. Izan ere, indarkeria matxistarengatik salaketa jartzen duten emakumeak kexu izaten baitira maiz prozesua dela eta; prozesuan ematen dieten tratuagatik, batez ere. Gidak, hala ere, emakume horiek egin beharreko urratsak jaso ditu. Prozesuan parte hartu behar duten poliziek, epaileek eta gainerako langileek izan behar duten jarrerari eta betebeharrei buruzko argibiderik ez, ordea.

Gipuzkoako Genero Indarkeriaren Batzorde Probintzialak landu du gida; eta, orain, Arabara eta Bizkaira zabaldu dute. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, «indarkeria matxistaren biktimen arreta hobetzea» da haien helburua. «Emakumeek salaketa jar dezaten bultzatzen jarraitu behar dugu, baina denak artatu behar ditugu, salaketa jarri edo ez», azpimarratu du. Eta begirada «intersekzionalaren» garrantzia ere aipatu du, biktima guztiek arreta integrala, kalitatezkoa eta doakoa izan dezaten.

Dokumentua erabilgarria izan dadin, «informazio zuzena eta argia» bildu dute, Melgosak azaldu duenez. Horretarako, hainbat hizkuntzatan sortu dute, baita irakurketa errazeko formatuan ere. «Dokumentu bisuala egin nahi izan dugu, hizkera zorrotz baina ulergarriarekin», gehitu du Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegiko presidenteak. Haren arabera, ez dute nahi dokumentua bakarrik egoitza judizialetan eta fiskaltzaren egoitzan egon dadin; «elkarteetara eta gune sozialetara» ere zabaldu nahi dute.

Besteak beste, salaketa bat zer den azaltzen du gidak: non jarri behar den, nola, salatzaileak zer eskubide dituen eta deklaratzeko hitzordua zer den. Era berean, babes aginduaren, epaiketaren eta epaiaren nondik norakoak ere zehazten ditu. «Gida hau ez dago itxita, ekarpenak egin daitezke», azaldu du Subijanak.

Oinarrizko eskubideen dokumentua

Prozesu penalari buruzko gidaz gain, beste dokumentu bat ere jorratu dute: zigor prozesuan genero indarkeriaren biktimek dituzten eskubide nagusiei buruzkoa. Bost eskubide garrantzitsuenak jaso dituzte: genero indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren txanda espezifikoko ofiziozko abokatu baten laguntza jasotzeko eskubidea, biktimek aukeratutako pertsona bat deklarazio guztietan egotea, bulego polizial eta judizialetan salatuarekin inolako kontakturik ez izatea, biktima non dagoen erakusten duen edozein datu ezkutatuta edukitzea, eta gizarte zerbitzuen laguntza jasotzeko eskubidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.