LAB sindikatuko ordezkaria

Hodei Tapia: «Gimeno horma bat da langileen eta administrazioaren artean»

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren aurkako manifestazioa antolatu du LABek biharko. Tapiak uste du «kalte handia» egin diela hezkuntza publikoari eta euskarari.

Hodei Tapia LABeko kidea, sindikatuak Iruñean duen egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU
IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urte eta erdian, lanuzte eta protesta ugari egin dituzte Nafarroako hezkuntza sistemako langileek, lan baldintza hobeak eskatzeko. LAB sindikatuak uste du egoerak ez duela hobera egin, eta manifestazio bat antolatu du eskaera argi bat egiteko: Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak dimisioa eman dezala edo kargutik ken dezatela. Bihar eginen dute protesta, 12:00etan, Iruñeko Basotxotik abiatuta. Hodei Tapia LABeko kideak (Iruñea, 1988) azaldu ditu deialdiaren nondik norakoak.

Zer helburu du biharko manifestazioak?

Funtsean, Gimeno kontseilariaren kudeaketa negargarria salatu nahi dugu. Ez da oraingo kontua soilik. Azken urteetan, nabaria izan da hezkuntza sistemaren gainbehera: langileak oso nekatuta daude, gero eta ardura eta betebehar gehiago dituzte, eta ez dago baliabiderik horri guztiari aurre egiteko. Hezkuntzarako inbertsioaren pisua gero eta txikiagoa da aurrekontuetan, eta, beraz, irakasleek lan gainkarga oso handia dute. Horrez gain, lan egiteko modua ere kritikatzen dugu. Gimenok karguan daramatzan sei-zazpi urte hauetan, oso argi geratu zaigu zer jokabide duen: alde bakarrez hartzen ditu erabakiak, gardentasunik gabe, hezkuntza komunitatearekin eta sindikatuekin ezer negoziatu gabe… Oro har, uste dugu Nafarroako gizarteak beste soslai bat behar duela, beste ezaugarri batzuk izango dituen kontseilari bat.

Zergatik orain?

LABek beti lan egin du hezkuntzako langile guztien lan baldintzen alde, baina azkenaldian ikusi dugu hor horma bat dagoela langileen eta administrazioaren artean: Gimeno. Entzungor egiten digu, eta ez dago modurik elkar ulertzeko. Horregatik erabaki genuen kalera ateratzea, betiere hezkuntza kalitatearen eta lan baldintzen alde.

Manifestazio deialdi honek bat egin du itunpeko ikasgelak gutxitzeko erabakiarekin…

Bai, Hezkuntza Departamentuak batean bai eta bestean ere bai pizten baititu gatazkak. Alde horretatik, ikasturte hau ere oso mugitua izan da, eta guk, nolabait, polemika horiek guztiak bilduko dituen mezu batekin atera nahi dugu kalera.

«Oztopoak bata bestearen atzetik jartzen dituzte D ereduko lerro gehiagorik ireki ez dadin: tramite administratiboak egiteko epeak luzatu, araudia korapilatu...»

Hezkuntza Departamentuak esana du itunpeko ikasgelak ixteko erabakia hartu duela, hain zuzen, eskola publikoa indartzeko asmoz. Hala dela iruditzen zaizue?

Ez, inondik inora ere ez. Begiratu, adibidez, Lanbide Heziketa dualari: zer baliabide eskasak jarri dituen eredu berri hori ezartzeko. Hezkuntza unitateak ixteko erabakiarekin ere, antzera. Aurki ikusiko dugu nola botako dituzten kalera zenbait langile, eta nola okertuko diren lan baldintzak. Administrazio publikoetako estatutu berria negoziatzeko prozesuan ere ikusi dugu gobernuak onartu nahi dituen arauek eta neurriek ez dutela balio hezkuntza publikoa babesteko. Eta euskarazko hezkuntzaz ari bagara, are gutxiago.

Zergatik?

Argi dago Gimeno ez dela D ereduaren eta euskararen normalizazioaren mesedetan ari. Oztopoak bata bestearen atzetik jartzen ditu D ereduko lerro gehiagorik ireki ez dadin. Adibidez: gero eta gehiago luzatzen dituzte tramite administratiboak egiteko epeak, eta araudia behar baino gehiago korapilatzen dute. Ikasgelak ixteko azken erabakiak ere D ereduko ikastetxeei eraginen die. Guk argi dugu gobernuak bermatu egin beharko lukeela Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubidea, eta horixe eskatuko dugu larunbateko manifestazioan ere.

Orain arte, saiatu zarete kontseilariarekin hitz egiten eta zuen eskaerak helarazten?

Oso zaila da harekin elkartzea. Iazko greba deialdien eta protesten kontura izan genuen azken bilera. Hiruzpalau aldiz deitu gintuen mahai sektorialera, beste sindikatu guztiekin batera, baina ordutik ez dugu berriro ikusi. Interpelazioak egin dizkiogu behin baino gehiagotan, azalpenak eman ditzan eta sindikatuekin elkarlanean aritzea sustatu dezan, baina ez digu jaramonik egin. Jendaurrean beti adierazten du eskua luzatua duela eta sindikatuokin negoziatzeko prest dagoela, baina ez da egia. Gehienez ere, pasabideetan ikusi izan dugu noiz edo noiz, baina izkin egiten die bilerei.

2024-2025eko ikasturtean zenbait lanuzte egin zenituzten. Aurten, greba orokor bat martxoaren 17an, eta sektorekako protestak Lanbide Heziketa dualaren eta ikasgelen itxieraren kontura, besteak beste. Espero zenuten legealdi nahasia izatea?

Mobilizazio horiek guztiak sektoreak bizi duen egoeraren adierazle dira. Lan gainkarga oso handia da, eta langileek ez dute beste biderik ikusten egoera konpontzeko. Ez da kasualitatea mahai sektorialean ordezkaritza dugun sindikatu guzti-guztiak ados jarri izana iazko greben lehen fasean, kalera ateratzeko eta mobilizazioekin bat egiteko.

Horren ostean, berriz, hezkuntza ituna sinatu zuen ANPE, Afapna eta UGT sindikatuekin. Sostengu hori badu, behintzat.

Hori erabili zuen, nolabait, frogatzeko gai dela akordioak lortzeko. Akordio programatikoan jasota zegoen hezkuntza ituna berrituko zuela, eta hala egin zuen, baina nola? Sindikatu minoritarioekin soilik. Lehen galdetu didazu ea harekin bildu garen edo negoziatu dugun. Bada, itun horren negoziazioa bera oso adierazgarria izan zen Gimeno nolakoa den ulertzeko, ez baitzen bileretara azaldu. Han ziren departamentuko zuzendari nagusiak, baina kontseilaria ez. Gero hedabideen aurrean agertu zen, eta harro esan zuen akordioa lortu zuela sindikatu horiekin, baina bileretara joan? Lan hori besteei uzten die.

Nafarroako Gobernu barruan ere badu babesa. Uste duzue PSNk amore eman eta erortzen utziko duela?

Ez dakit PSNk zer interes mota izan dezakeen Gimenori karguan eusteko. Uste dut beharrezko dugula beste ezaugarri batzuk izango dituen kontseilari bat. Eta ez gara bakarrak. 2.000 hezkuntza langile ingururen sinadurak bildu ditugu haren kontra. Lantaldearen parte nabarmen bat da, eta horrek erakusten du kontseilariaren aurkako iritziak baduela indarra. Manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diegu horiei guztiei, indar horrek isla izan dezan kalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA