Gimenoren kargugabetzea eskatzeko, LABek manifestazioa eginen du Iruñean, maiatzaren 16an

Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren kontrako haserre «orokortua» mobilizazio «masibo» bilakatu nahi du sindikatuak. Duela aste batzuk atera zuten manifestua, eta 2.000 sinadura bilduak dituzte kasik.

Gimenoren kargugabetzea galdetzeko lehen prentsaurrekoa, iazko urrian, LABen eta Ikamaren eskutik. IÑIGO URIZ / FOKU
Gimenoren kargugabetzea galdetzeko lehen prentsaurrekoa, iazko urrian, LABen eta Ikamaren eskutik. IÑIGO URIZ / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko maiatzaren 5a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariaren kargugabetzea galdegitera doa LAB: sindikatuak manifestaziora deitu du maiatzaren 16rako, haserre «orokortua» mobilizazio «masibo» bilakatu nahian. Izan ere, manifestu bat atera zuten hezkuntza arloko langileen artean, eta 2.000 atxikimendu lortuak ditu kasik; ondoko urratsa, beraz, Iruñean kalera ateratzea izanen dute.

Manifestu horretan, Nafarroako hezkuntzak okerrera egin izana egozten diote Gimenori, egoeraren «erantzule nagusia» delakoan; horregatik galdegiten dute haren kargugabetzea. Halere, aspaldikoa da Gimenoren kontrako dinamika, iazko ekainean jadanik kanpaina bati ekin baitzion LABek, Gimenok ardurapean zituen «alor guztietan egiten ari den kudeaketa negargarria azaleratzeko». Urte bat pasa da geroztik, eta, sindikatuak adierazi duenez, «egoerak okerrera egin du». 

Ideia hori nabarmentzeko, oroitarazi dute «protesta, mobilizazio eta greba gehien egin dizkioten kontseilaria» izan dela. Delako mobilizazioen arrazoietarik batzuk zerrendatu ditu LABek: «Lanbide Heziketa dualaren antolamendu gabezia erabatekoaz harro agertu da; zerbitzuak pribatizatzeko ahaleginean sakondu du, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroa alde batera uzten duten hitzarmenak sinatu baititu; 0-3an, oraindik ere ez dio erantzun ziklo osoa publifikatzeko joan den urrian LABek egin zion eskaerari; dozena bat linea baino gehiago itxiko dituela eta zenbait langile baztertuko dituela iragarri du; D ereduaren hedapena kosta ahala kosta oztopatzen jarraitzen du, eta euskararen normalizazioa galarazten; ikastoletako eta ikastetxe itunduetako langileen beharrei erantzuteko hiruko mahaira ez du deitu oraindik; estatutu berriaren proiektuan langile publikoentzat txertatu dituen neurriekin, bere departamentuko langileak urte askoan Nafarroako Gobernu osoko langilerik behartsuenak izatera kondenatu ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA