Gimenok adierazi du «gezurra» dela departamentuak euskarazko irakaskuntzaren aurka egiten duela

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak ohartarazi du UPNren lege proiektuak «ondorio oso larriak» ekarriko lizkiokeela Nafarroako Hezkuntza sistemari, eta eskua luzatu die alderdi guztiei, elkarlanean aritzeko.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno, gaur, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno, gaur, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 5a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok erantzun egin die ikastoletan ikasgelak «nahita» gutxitzea egozten diotenei, eta argi esan du «gezurra» dela bere departamentuak euskarazko irakaskuntzaren aurkako jarrera daukala. Gainera, ohartarazi  du UPNk arlorako egin duen lege proiektua onartzen bada «ondorio oso larriak» izango dituela Nafarroako hezkuntza sisteman, eta eskua luzatu die Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeei, elkarrekin «beste jokaleku bat» eraikitzeko.

Gimenok orain dela hiru aste iragarri zuen itunpeko sareak 3 urteko haurrentzako hamalau ikasgela gutxiago izango dituela datorren ikasturtetik aurrera, eta hautsak harrotu zituen erabakiak. Ikastolek, adibidez, berehala esan zuten ez daudela ados erabakiarekin, eta protestak hasi zituzten. Besteak beste, Lodosako Ibaialde ikastola da egoera zailean geratuko diren zentroetako bat, eta, horregatik, 150 norbanakok eta eragilek Lodosako Adierazpena sinatu dute, «ikastolen alde» egiteko eta gelak ixteko erabakia atzera bota dezatela eskatzeko. Bestalde, UPNk egungo ikasgela kopuruari eustea helburu duen proposamen bat aurkeztu du parlamentuan.

Hasieran, ikastetxe publiko eta itunpekoetan ikasgelak gutxitzeko asmoa azaldu zuen Hezkuntza Departamenduak, baina, kritikak tarteko, itunpekoetara mugatu zuen gero erabakia. Hala ere, erabakiaren kontrako ahotsak ez dira apaldu. 

Atzo prentsaurreko batean hitz egin zuen, baina gaur iritsi da Gimenoren erantzuna, parlamentuan bertan. Hezkuntza kontseilariak esan duenez, «gezurra» da Nafarroako departamentuak euskarazko hezkuntzaren aurka egiten duela, eta gaineratu du Nafarroa osoan euskarazko hezkuntza jasotzeko eskubidea «errealitate bat» dela. «Familia guztiek daukate eskubidea seme-alabak euskarazko irakaskuntzan matrikulatzeko. Gobernuak hori bermatu behar du, eta bermatuta dago», azpimarratu du.

Askotariko aldagaiak

Gimenok adierazi du beste aldagai batzuk ere badaudela tartean. «Baina ez dirudi zuek horretaz jabetzen zaretenik», esan die gobernuaren erabakiak kritikatu dituzten alderdiei. Besteak beste, adierazi du eskola publikoan D ereduko lerroak irekitzeak «eragin zuzena» daukala ikastoletan. Haren esanetan, Nafarroako eskola publikoetan zenbat eta D ereduko lerro gehiago ireki, —batez ere eremu mistoari eta euskaldunak ez diren eremuei egin die erreferentzia—, orduan eta lehia handiagoa pizten da ikasleak erakartzeko prozesuetan. «Horrek kalte handia eragin diezaieke ikastola jakin batzuei», gaineratu du.

PROTESTAK EGINGO DITUZTE BIHAR NAFARROAKO IKASTOLETAN

Biharko, protestak daude antolatuta Nafarroan ikastolak dauden hamabost herrietan, Carlos Gimeno buru duen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erabakia gaitzesteko. Aurreratu dutenez, mahaiak eta aulkiak kalera aterako dituzte, ikasgela hutsak irudikatzeko. Antolatzaileek mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, euskarazko hezkuntza «defenda» dezaten.

 

Horrekin lotuta, esan du jaiotza tasak behera egiteak berdin-berdin eragiten diela guztiei, hala A eredukoei nola D eredukoei. «Denek ikusi dute 3 urteko haurren artean murriztu egin dela onarpen eskaeren kopurua». Argudio horietan oinarrituta, kritiko mintzatu da parlamentuko gainerako taldeekin. «Nola dei dakioke horri? Ikastolen sarearen aurkako eraso bat?», galdetu die.

Hedabideen jarrera ere gaitzetsi du Gimenok. Izan ere, ez zaio ondo iruditzen nola ari diren hainbat komunikabide kasua lantzen: «Hedabideek ‘Gimeno’ esaten dute, eta ez ‘Nafarroako Departamentua’. Ados, baina hausnar dezagun horren inguruan».

Lege proposamena, ezbaian

Gimeno Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeei ere mintzatu zaie, eta esan die legea urratzen dutela egin dituzten proposamenek. Esaterako, esan du UPNren foru legearen proposamena «Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» dela; uste du hezkuntza administrazioen eskumenak «urratzen» dituela. Hala ere, eskua luzatu die talde guztiei, «akordioak eta adostasunak lortzea ahalbidetuko duten beste testuinguru eta jokaleku batzuk eratu ahal izateko».

EH Bilduko parlamentari Eneka Maizek adierazi du alderdi abertzalea prest dagoela Gimenok luzatutako eskua hartzeko eta elkarrekin «akordioak lortzeko». Hala ere, esan du Gimenok «lurrikara handi bat» sortu duela, eta erantzun dio ez dela egia Nafarroako Gobernuak haurrak euskarazko irakaskuntzan matrikulatzeko eskubidea bermatzen duela.

Gimenok esan du Geroa Bairi aurrez eman zitzaiola erabakiaren berri, eta ez zitzaiola gaizki iruditu. Eta hori bera esan du Contigo-Zurekin alderdiko Carlos Guzmanek ere. «Gerora, itunpeko hezkuntza pribatuaren patronalak gelditzeko agindu zion Geroa Bairi, eta atzera egin behar izan du». Aldiz, Geroa Bairen izenean, Itxaso Sotok adierazi du «hasieratik» erakutsi zutela «desadostasuna» erabakiarekin, eta ikasgelarik ez ixteko eskatu du. «Zure esku dago departamentuaren erabakiak eragindako egoera hau zuzentzea, eta, batez ere, departamentuaren esku dago gizartearen eskaerei erantzutea», ihardetsi dio Gimenori.

UPNko bozeramaile Pedro Gonzalezek, berriz, alderdi erregionalistaren lege proiektuaren defentsa egin du. Voxek eta PPk ere bide beretik jo dute, eta adierazi dute Gimenoren erabakia «ideologikoa eta sektarioa» dela, eta atzera egin dezala exijitu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA