«Gipuzkoa berriaren» alde segitu nahi du Xabier Olanok

Foru Ogasuneko zuzendaria izango da EH Bilduren ahaldungai nagusia

Xabier Olano, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
enekoitz esnaola
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bildu koalizioa —edo EH Bildu eta Amaiur— dagoenetik izandako lau hauteskundeetan, Gipuzkoan beti hura geratu da aurreneko postuan: 2011ko udal eta foru bozetan, Bilduk 39.000 botoren aldea atera zion bigarren indar EAJri —Aralar artean ez zen koalizoan; 17.000 boz lortu zituen—. Urte bereko Espainiako Kongresuko hauteskundeetan, Amaiurrek 47.000 botoren aldea kendu zion bigarrenari, EAJri. 2012ko Eusko Legebiltzarrerakoetan, EH Bilduk soilik 600 botoren tartea atera zion EAJri. Eta aurten, Europakoetan, 16.000rena. Udal eta foru bozak izango dira hurrena, maiatzean, eta EH Bilduk, lidergoa finkatzeko asmoz, Gipuzkoako administrazioan esperientzia handia duen politikari bat hautatu du ahaldungai nagusi gisa, BERRIAk atzo aurreratu zuen bezala: Xabier Olano (Altzo, 1959).

Bilduk legealdi honetan «Gipuzkoa berriaren alde» egindako lana azpimarratu zuen atzo Olanok Donostian, Aquariumean egindako aurkezpen ekitaldian, eta hitzeman zuen lan horretan «sakondu» nahi duela. Konpromisoa agertu zuen «herritarrekin batera» aritzeko ingurumenaren, euskararen, parekidetasunaren eta gizarte sozialago baten alde.

Legealdi honetan Gipuzkoako Aldundiko Ogasuneko zuzendaria da. 1987tik 1991ra Altzoko alkate izan zen; 1991tik 2003ra, Gipuzkoako batzarkide HB eta EHtik.

EH Bilduk Araban ere itxaropen handia du, PPren alternatiba bera dela iritzita. 2011tik, behintzat, gorako joera izan du: duela hiru urteko boz haietan hirugarren indarra izan zen, 32.000 boto pilatuta PP irabazlearengandik zazpi milara geratuz. Espainiakoetan ere boto kopuru bera lortu zuen, eta hirugarren geratu zen. 2012koetan, bigarrena, 34.000 botorekin, EAJ garailearengandik sei mila botora. Eta Europakoetan gehien bozkaturiko indarra izan da, EAJ bigarrenari 2.500en aldea aterata.

Aste honetan jakin denez, Kike Fernandez de Pinedo izango da EH Bilduko zerrendaburua Araban. «Lehen aldiz Araban gobernuezkertiarra eta abertzalea» izateko aukera dagoela esan zuen atzo Fernandez de Pinedok, Gasteizko ekitaldian. Hiriko zerrendaburu Miren Larrionen ustez, «aukera historiko bat» dute.

Geroa Baik Uxue Barkos berretsi du Nafarroako lehendakarigai gisa, barne prozesuan %97ko babesa jasota. Iruñeko alkategai Itziar Gomez izango da, %77ko sostengua jaso ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.