Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an ehun administrari lanpostu egonkortzeko abiarazi zuen lan deialdian, «lanpostu guztiei» ezarri zitzaizkien euskara ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak, eta horregatik da egokia deialdi hori ezeztatzea. Martxoan jakin zen Donostiako auzitegi batek hori ebatzi zuela, eta gaur EFE albiste agentziak jakinarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela ezeztapen hori sententzia batean. Epai horren arabera, aldundiak ez du argudiatu «ezinbestekoa» denik lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Hala jaso du: «Ezin dugu ahaztu eskubide horrek bat egin behar duela enplegu publikorako sarbidea berdintasunean izateko eskubide oinarrizkoarekin».
Horiek horrela, ebazpenean txarretsi egiten dira aldundiaren hizkuntza irizpideak, argudiatuta hainbat herritarri ukatu egiten dietela funtzio publikorako sarbidea izateko eskubidea: «Diputazioak, bere jarduteko eraren ondorioz, probintziako biztanleen erdiei baino gehiagori kentzen die eskubide hori». Era berean, sententzian gutxietsi egin dute euskararen erabilera bera: «Administrazioan izaten diren komunikazioen %20-25 baino ez dira izaten euskaraz». Hizkuntza eskubideak errespetatu behar badira ere, hizkuntza eskakizuna lanpostu guztiei ezartzea «diskriminazioa» da, sententzian bildutakoaren arabera.Â
Horiek horrela, «oreka» eskatu dute epaian. «Oreka lortu behar da herritarrek administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidearen eta gaztelaniadunek kargu publikoetara heltzeko duten eskubidearen artean», argudiatu du. «Eta administrazioaren eginkizuna da bi eskubideak bermatzeko bidea bilatzea. Bide horretan ezin dio funtzionario bakoitzari ezarri biztanleen erdiak baino gehiago baztertzea dakarren obligazio bat».
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak segurtatu du eginbeharrak aztertuko dituztela hizkuntza eskubideak behar bezala bermatuak izan daitezen. Eta kezka adierazi du, gaur argitaratutako erabakia ez baitzaio kasu bakana iruditzen, azken urteetako zenbait erabakiren antzekoa baizik: «Euskara sustatzeko politiken aurkako ofentsiben bidez, orain arte arlo horretan zeuden adostasun sozialak higatzen eta lehertzen saiatzen ari dira»; «eztabaida sakon baten beharra» dagoela nabarmendu du.
Deialdia 2023ko abenduan argitaratu zen. Norbanako batek abiarazi zuen kontrako auzibidea, argudiatuta ezarritako hizkuntza eskakizunak ez zirela egokiak. Aurrez ere izan dira hizkuntza eskubideen kontrako epaiak Gipuzkoako Diputazioan eta haren ardurapeko organismoetan. Beste hainbat erakunderen kontra ere bai. Euskalgintzan kezka handia dago epai horien inguruan, eta horien atzean euskararen kontrako «oldarraldi judizial» bat dagoela salatu dute usu. Are, hainbat talde politiko ere arduratuta daude, eta konponbide bila ari dira. Eusko Legebiltzarrean, hain justu ere, bi lege-erreforma proposamen daude, eta biek murrua jarri nahi diete hizkuntza eskakizunen kontrako epaiei. EAJk Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzea proposatu du, euskara eskakizunen derrigortasun indizea ezabatzeko. EH Bilduk, berriz, bidea ireki nahi du euskara «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izan dadin lanpostu publiko guztietarako. Urriaren 2an onetsi ziren bi proposamenak parlamentuan, eta, orain, ikusi beharko da zer bide egingo duten.Â
Gipuzkoako Foru Aldundiko buruek beti defendatu dituzte ezarritako hizkuntza irizpideak, eta kalera ere atera izan dira, langileekin batera, horien alde egitera. Administrarien lan deialdi publikoa ez da auzitara eramandako bakarra; foru erakundeak sustatutako deialdi gehiagoren kontrako prozesuak ere badira martxan gaur egun.
Atzera egin beharrean
Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagiek hizkuntza eskakizunen defentsa egin badute ere, euskararen kontrako jurisprudentzia gero eta zamatsuagoa da, eta lehengo hilean, foru agintariek onartu zuten hurrena egingo dituzten lan deialdi publikoetan «egokitu» egingo dituztela hizkuntza eskakizunak, bide judiziala «agortuta» eta «epaiek horretara behartuta». Hain justu ere, jakinarazi zuten «atzeratu» egingo dutela «zenbait» hizkuntza eskakizun derrigorrezkoak izateko data. Ez dute zehaztu zer lanpostutan izango den atzerapen hori, baina ehuneko bat eman zuten: urte bukaera bitartean aterako diren postuen %34 ingurutan atzeratu egingo da derrigortasuna. Azaldu dute enplegu publikoko hamahiru eskaintza jarri behar dituztela martxan, eta horietan guztira 113 lanpostu eskainiko direla.
Aurrez ere beste hainbat erakundek hartu izan dituzte tankerako neurriak, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak. Gipuzkoakoari dagokionez, aintzat hartu behar da igaro urteotan aurrerabide nabarmenak egin dituela euskarazko arta bermatzeko eta euskaraz lan egiteko. Hainbat lanposturi derrigortasun data atzeratu zietela jakinarazteko agerraldian ere, foru agintariek berretsi egin nahi izan zuten euskararen aldeko «konpromiso» hori, eta aurrerabideak egiteko asmoa agerian utzi zuten berriro.Â
Gaur plazaratu den sententzia ez da irmoa: bada helegitea jartzeko modua.Â
hizkuntza eskakizunen alde getxon
Tokiko euskalgintzak eta sindikatu nagusiek deituta, hizkuntza eskakizunen aldeko mobilizazio bat egingo dute ostiral arratsaldean Getxon (Bizkaia). 19:00etan izango da, Telletxen. Euskalgintzaren Kontseiluak ere bat egin du deialdiarekin. Hizkuntza eskakizunen kontrako jurisprudentzia saiheste aldera eskakizun horiek apaltzen ari diren erakundeetako bat da Getxoko Udala, eta hori salatuko dute, hain justu ere, elkarretaratzean. «Getxoko Udalak 95 lanpostu betetzeko enplegu eskaintza publikoa onartuko du, eta lanpostu publiko horien erdiei bakarrik ezarriko zaie euskaraz jakiteko eskakizuna», adierazi dute protestarako deia egiteko atera duten oharrean.Â