Gipuzkoako Foru Aldundiak 28 familia behar ditu 0 eta 6 urte arteko zenbait haur berehala hartzeko

Hamar haur 0 eta 3 urte bitartekoak dira, eta beste hemezortziak, 3 eta 6 urte bitartekoak.

Lucia Saiz, larrialdiko harrera familien ordezkaria, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatua eta Maitane Carcamo Familia Harrerako eta Adopzioko atalburua, gaur goizean emandako prentsaurrekoan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Lucia Saiz larrialdiko harrera familien ordezkaria, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatua eta Maitane Carcamo Familia Harrerako eta Adopzioko atalburua, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Ane Etxandi.
2025eko irailaren 8a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak larrialdiko harrera familiak behar ditu. Zehazki, 28 familiaren bila ari dira 0 eta 6 urte arteko zenbait haur artatzeko: 0 eta 3 urte arteko hamar haurrek eta 3 eta 6 urte arteko hemezortzik behar dute harrera familia bat.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak, Maitane Carcamo Familia Harrerako eta Adopzioko atalburuak eta Lucia Saiz larrialdiko harrera familien ordezkariak eman dute premiaren berri, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Aipatu dutenez, larrialdiko kasuez gain, Gipuzkoan 85 haur eta nerabe daude familia baten beharrean. Guztira 885 adingabe daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean: 556 zentroetan daude, eta 329 harrera familiekin bizi dira.

Peñak nabarmendu du harrera familiak ezinbestekoak direla adingabeen ongizatea bermatzeko, eta haurren ongizatea dela haien lehentasuna. Eskerrak eman dizkie programan parte hartzen duten familiei: «Ez da beti erraza: erronkak, zalantzak eta beldurrak hor daude, baina baita ilusio, ausardia, maitasun eta konpromiso handia ere».

Gogorarazi du harrera familiek etxean hartzen dituztela arrisku edo babesgabetasun egoeran dauden eta ondorioz jatorrizko familiarekin bizi ezin diren haur eta nerabeak, aldi baterako eta epe mugarik gabe. Argi utzi du ez dela adopzio bat, ezta adopzioaren aurreko urrats bat ere, «adingabe bakoitzaren historia errespetatzen duen babes neurri bat» baizik: «Helburua da familia hauetan egonkortasuna eta ongizatea izatea».

Hiru harrera modalitate

Hiru harrera modalitate daudela azaldu dute. Urgentziakoak sei hilabeteko iraupena dauka gehienez, eta berehalako ebaluazioa behar duten egoeretan erabiltzen da; aldi baterako harrera bi urtera artekoa da, eta jatorrizko familiak «sendatzeko» aukera duten adingabeentzat izaten da; eta, azkenik, harrera iraunkorra, epe laburrean haurra familiara itzultzea aurreikusten ez denean aplikatzen dena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Familia guztiak izan daitezke harrera familia kanpaina abiatu du, aukera horri buruzko estereotipoak hausteko. Ekintzak argi utzi nahi du edozein familia izan daitekeela harrera familia, izan kide batekoa edo bost kidekoa. «Ezein haur bakarrik ez egotea, hori da garrantzitsuena», nabarmendu du Peñak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.