Suhiltzaile jantziak soinean dituztela, eta beren jardunbidean hain ohikoak diren sirena hots ozenen pean, halaxe elkartu dira gaur eguerdian Gipuzkoako suhiltzaile hainbat Gipuzkoako Diputazioaren egoitzaren parean, Donostian, elkarretaratze batean. Euskara eskakizunak apalduko dituela jakinarazi du berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horren harira kexua adierazi nahi izan dute, uste baitute handia dela beren zerbitzura begira erabaki horrek ekar dezakeen inboluzioa. «Erabat euskalduna den zerbitzu batean atzerapauso handia litzateke», ohartarazi dute elkarretaratzean zabaldu duten prentsa oharrean. Ondoan izan dituzte Gipuzkoako langile batzordeko hainbat ordezkari, LABekoak eta ELAkoak.
Urriaren 22an jakinarazi zuen Gipuzkoako Diputazioko Irune Berasaluzek berria, hizkuntza eskakizunetan apaltze bat egingo dutela esan zuen, eta guztiz lotu zuen erabaki hori aldundiak ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra hilabeteotan metatu diren sententziekin: aitortu zuen, bide judiziala «agortuta» eta «epaiek hala behartuta», hurrena egingo dituzten lan deialdi publikoetan «egokitu» egingo dituztela hizkuntza eskakizunak. Hain justu ere, azaldu zuen «atzeratu» egingo dutela «zenbait» hizkuntza eskakizun derrigorrezkoak izateko data. Ez zuen zehaztu orduan zer lanpostutan egingo den atzerapen hori. Esan zuen enplegu publikoko hamahiru lan eskaintza martxan jarri behar dituztela asteotan, eta horietan guztira 113 lanpostu eskainiko direla. Gaur suhiltzaileek azaldu dute lanpostu horietako 68 suhiltzaileen zerbitzuenak direla, eta aldundiaren asmoa dela horietatik 23ri atzeratzea euskara ikasteko data.
Atzerapen horrek lanpostuak eskuratzeko modua emango die ezarritako hizkuntza eskakizuna oraindik ez duten langileei. Eta horrek kezka handia sorrarazi die egun zerbitzuan dauden langileei. Izan ere, behin postu horietara euskara jakin gabe sartuta, gero eskakizun hori ez betetzeko arriskua egoten dela ohartarazi dute. «Errealitatean badakigu ezarritako epe horiek ez direla inoiz betetzen». Eta urteotan beren lan eremua euskalduntzeko egindako aurrerabideak kolokan ikusten dituzte. «Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzua da Euskal Herrian bere irrati komunikazioetan euskara hutsean lan egiten duen zerbitzu bakarra», azaldu dute. «Horrez gain, langileria ia guztia euskalduna izateak zerbitzu barruko harremanak, bilerak eta formakuntzak euskaraz egin ahal izatea bermatzen du».
Aldundiak bere erabakian atzera egiten ez badu suhiltzaileen errealitate linguistikoan izango diren aldaketez ohartarazi dute. «Jakina da edozein taldetan euskaraz ez dakien bat egotea nahikoa dela taldearen harreman hizkuntza gaztelania bihurtzeko».
Arta elebiduna
Esan dute, halaber, egun bermatzen dutela arta elebiduna, baina euskararen ezagutza egiaztatzeko neurrietan atzera egiten bada, kolokan dagoela hori ere. Eta horren gainean galdera egin dute: «Non geratzen da herritarrek larrialdi zerbitzua nahi edo behar duten hizkuntzan jasotzeko eskubidea?». Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuko sarjentu Joseba Elduaienek hartu du hitza gaur elkarretaratzean batu diren langileen izenean. Zerbitzuan euskaraz «funtzionatzeko hautua» egina dutela gogoratu du, eta atzerapauso honek biziki kezkatzen dituela.
«Gaur egun, gurea da euskaraz zerbitzua emateko gai den larrialdi zerbitzu bakarra, eta hori ez indartzea eta mantentzea pena handia da»
JOSEBA ELDUAIEN Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuko sarjentua
«Egun, gai gara edozein gipuzkoarri erosoen adierazi nahi duen hizkuntzan laguntzeko edo entzuteko. Guretzat hori oso garrantzitsua da», azaldu du Elduaienek. «Pertsona bat egoera larri batean dagoenean, iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela aukera ematea bera erosoen dagoen hizkuntzan komunikatzeko, une larriak izaten direlako, eta bestela esan beharreko guztiak ez direlako era berean esaten». Arta hori ematen, gainera, aitzindariak direla adierazi du. «Gaur egun, gurea da euskaraz zerbitzua emateko gai den larrialdi zerbitzu bakarra Euskal Herrian, eta hori ez indartzea eta mantentzea pena handia da. Diru ugari gastatzen da euskara planetan-eta, eta behin gauza bat lortu duzunean aurreraka beharrean atzeraka hastea pena handia da».
Hizkuntza eskakizunetan eskakizun maila handitzeko eskatzen ari ziren justu Gipuzkoako suhiltzaileak, eta ezustean hartu ditu aldundiaren jarrerak. «Badakigu tartean epaiketak-eta daudela, baina uste dugu aldundiak bazituela baliabideak hona ez iristeko».