Gipuzkoako zahar etxeetako langileek eta patronalak akordioa erdietsi dute

Abenduaren 18an dira sinatzekoak, eta 2028ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. 376 egun egin dituzte greban. Besteak beste, adostu dute ratioen eta lan kontratu partzialen kopurua murriztea.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileen agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako zahar etxeetako langileen agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
maddi iztueta olano
Donostia
2026ko azaroaren 20a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaronaldia eta eztanda. 09:30etan eseri dira mahaiaren bueltan Gipuzkoako zahar etxeetako eta patronaletako ordezkariak. Ozen entzun zitekeen adostasun posible baten zurrumurrua, eta hiru ordu ondoren iritsi da albistea: aurreakordioa erdietsi dute. Kamiseta eta ke morez blaitu da Lan Harremanen Kontseiluaren ataria, Donostian, eta oihuka hasi dira: «Gora, gora, gora, emakumeen borroka!». 376 greba egunen ondoren, abenduaren 18an dira ituna sinatzekoak. Besteak beste, adostu dute ratioen eta lan partzialen kopurua murriztea.

Desegin da haize morea, eta askatu besarkadak. ELA sindikatuko bozeramaile Txomin Lasak hartu du hitza. Hunkituta ekin dio azalpenari, eta xehetasunak azaldu aurretik eskerrak eman dizkie bertan bildu diren langile eta grebalariei: «Aurreakordio hau zuentzako da». Txaloka erantzun diote entzuleek. Edukiari ekin baino lehen, ohartarazpena egin du Lasak: «Gaur adostutako hitzarmen hau grebako asanblada bakoitzak sinatu beharko du, eta ez ditugu greba mugagabeak bertan behera utziko dena ondo itxita egon arte». Ondo bidean, aurrekoardioa 2027ko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. 

Borroka luzea

Luze jo du Gipuzkoako zahar etxeetako langileen borrokak. 2022an sinatu zuten azken lan hitzarmena, eta 2024ko abenduaren 31n iraungi zen. Gipuzkoako zahar egoitzetako ordezkari sindikalek 2025eko urtarrilean deitu zuten mahai sektorialera, baina 2025eko ekainean bildu ziren aurrenekoz. Ordutik, negoziazioak ez aurrera eta ez atzera egon dira. Horren erakusle, urte eta erdian antolatutako mobilizazioak eta lanuzteak: Gipuzkoako zortzi zahar etxetan greba mugagamean daude, eta gainontzekoetan bi eta hiru greba egun artean egin dituzte hilero-hilero. 

Begiak bustita hitz egin du Aitziber Aranberri langileak, beste askoren gisan, urtebete darama greba mugagabean. «Sekulako lasaitua hartu dugu, borroka luzea izan da, neketsua, eta jende asko izan da ibilbidearen parte», esan du. Pozik dago gaur adostutako neurriekin, «lorpen handitzat» jo ditu, eta nabarmendu du «oinarri sendo bat» eraiki dutela. Denera, Gipuzkoa osoko 62 zahar etxe eta eguneko egoitza bildu dira: 5.000 langile inguru; horietako gehienak, emakumeak. 

[Albistea osatzen ari gara]

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA