«Espainiako Estatuan tortura zalantzan jarri ezineko errealitatea izan da, eta oraindik ere hala da». Horixe jakinarazi dio estatuko giza eskubideen aldeko dozena bat eragile biltzen dituen kolektiboak —tartean, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokia eta Argituz elkartea— Angel Gabilondo Espainiako arartekoari. Egoera ikusirik, neurriak hartzeko eskatu diote; zehazki, auziaren inguruko txosten bat ondu eta Espainiako Gorteetan aurkezteko. Arartekoak uko egin dio, baina eskaera berretsi du kolektiboak.
Giza eskubideen aldeko kolektiboa eta Arartekoaren lantaldea oraintsu elkartu dira, eta bileran «Espainiako Estatuan tortura delituek duten zigorgabetasunaz» ohartarazi zion lehenak bigarrenari. Hala, neurriak eskatu dizkiote Espainiako Gorteetara zuzendutako ekinbideren bat egin dezan, «ordezkaritza publikoak azter dezan biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko ekintzak egiteko aukera».
Eragileek egindako eskaera nagusia da torturari buruzko ezohiko txosten bat prestatzea, Kongresuan eta Senatuan aurkezteko. Gabilondok, baina, uko egin dio halako txosten bat egiteari, argudiatuta ezin duela egin «eragin politikoren bat dakarren jarduerarik». Haren hitzetan, Kongresuak berak agindu beharko lioke txostena egiteko, eta beste instantzia batzuetara jotzeko adierazi zion kolektiboari, hala nola Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikorako Salako Fiskaltzara edota Espainiako Gobernuak sortu berri duen Egiaren Batzordera —Baltasar Garzon du buru—.
Eragileek, ordea, ez dute ontzat hartu erantzuna, eta eskaera berretsi dute, argudiatuta Arartekoak baduela eskumena halako zerbait egiteko «egitateen larritasunak edo urgentziak hala gomendatzen dutenean». Horregatik, eskatu diote «gutxienez 1960ko hamarkadatik gaur arteko» tortura kasuak aztertzeko.
Izan ere, bi aldeek egindako bileran, azaldu zioten torturaren erabilera «sistematikoa» izan dela Espainiako Estatuan, eta, egun «sistematikoa ez bada ere», oraindik ere «noizbehinka baino gehiago» erabiltzen dela. Ez da eragile talde horren ikuspegi soila. Hala berretsi dute, besteak beste, Torturaren Aurkako Mundu Erakundearen azterlan batean ere. «Azterlan horrek erakusten duenez, Espainian ‘arrisku moderatua’ dago torturak oro har jasateko, ‘arrisku handia’ arlo espezifiko batzuetan, hala nola poliziaren basakeria askatasunez gabetzeko orduan, eta ‘arrisku handia’ biktimen eskubideei dagokienez», ohartarazi dute.
Hain zuzen, Espainiako Estatuko estamentuek biktimekin izan duten jarrera da kolektiboaren kezka iturri nagusietako bat: «Ukatu, isilarazi edo gutxitu egin dituzte tortura salaketak, errealitate horren ebidentzia izugarriak gorabehera». Gehitu dute agerikoa dela ikerketa falta, eta hala salatu dutela nazioartetik ere; esaterako, NBEko Giza Eskubideen Batzordeak deitoratu zuen ez dela behar besteko ekimenik egin Hego Euskal Herrian 1960tik 2014ra bitarteko tortura kasuak argitzeko, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere hamahiru aldiz zigortu du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik.
5.379 kasu
Euskal gatazkan izandako tortura kasuek pisu nabarmena dute hor, eta giza eskubideen aldeko eragileek hala azaldu diote Arartekoari. Gogoratu dute ezen, Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketen arabera, Hego Euskal Herrian gutxienez 5.379 tortura kasu erregistratu direla, baina gehitu dute kopuru erreala 20.000 kasutik gorakoa izan daitekeela. Haietako batzuk aitortzak jasotzen hasi dira Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren partetik, eta Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak ere aitortza jasotzeko modua ematen die konstituzioa onartu aurretik torturatutakoei.
Halere, kolektiboko kideak ez dira Euskal Herrira mugatu: «Alderdi politikoetako, sindikatuetako eta ezkerreko erakundeetako pertsonei aplikatu zitzaien. Gaur egun, erabilitako metodoak eta teknikak aldatu diren arren, bai eta biktimen profil soziologikoa ere —gehienak migratzaileak dira—, torturak eta tratu txar polizialak hortxe jarraitzen dute Espainiako Estatu osoan».
Hain zuzen, Arartekoak berak aurkeztutako datuen arabera, estatuan azken hamarkada erdian batez beste 50 funtzionario zigortu dituzte tortura eta osotasunaren kontrako delituengatik, eta lesio delituengatik eta legez kanpoko atxiloketengatik zigortutakoak gehitu behar zaizkie haiei.