Torturaren zazpi biktimak euren kasuak berriz iker ditzatela eskatu dute

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako agindua bete dezatela eta euren kasuak berriz ireki ditzatela eskatu dute auzitegietan. Justizia sistemak erantzukizun hori bere gain hartu ezean, Nazio Batuen Erakundera joko dute.

Salaketa aurkeztu dutenetako batzuk eta Giza Eskubideen Behatokiko ordezkariak, gaur eguerdian, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Salaketa aurkeztu dutenetako batzuk eta Giza Eskubideen Behatokiko ordezkariak, gaur eguerdian, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2026ko apirilaren 23a
14:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen justizia falta da». Iratxe Urizar Giza Eskubideen Behatokiko eledunak soil-soil laburbildu du ekinaldia. Euskal Herrian tortura kasu batzuk ez dira ikertu ere egin. Dena den, bederatzi kasu Estrasburgoraino heldu ziren, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen kasuok ez ikertzeagatik. Epai hori esku artean, euren kasuak berriz irekitzeko bideari ekin diote zazpi biktimak. «Kontuak eskatzera joango gara, eta, orain arteko jarrerari eutsiz ez badigute entzuten, Nazio Batuen Erakundera eta behar den tokietara joko dugu Espainiako Estatuari kargu hartzeko». 

Duela hilabete eman zuten ekinaldiaren berri, eta gaur abiatu dute. Oihan Ataunek, Patxi Arratibelek, Mikel San Argimirok, Martxelo Otamendik, Xabier Beotegik, Iñigo Gonzalezek eta Beatriz Etxeberriak aurkeztu dute eskaera. Iruñean izan dira gehienak gaur, Iratxe Urizarrekin eta Oscar Sanchez abokatuarekin batera. Urizarrek haien kemena eskertu du, «urte hauetan guztietan, zailtasunak zailtasun eta min hori mahaigaineratzeak eskatzen duen esfortzua gorabehera, lan egin dutelako». 

Guztien tortura kasuak Estrasburgoraino heldu ziren. Ez dagokio auzitegi horri auzi judizial oso bat irekitzea, baina badu eskumena aztertzeko ea herrialde batek Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bete ote duen kasu jakin batzuetan. Tortura kasu horiek aztertu ondoren, itun horren hirugarren artikulua urratzea eta tortura salaketak ez ikertzea aurpegiratu zion Espainiari. Oscar Sanchez abokatuaren hitzetan, bada garaia egiaztatzeko zergatik ukatu zitzaien justizia torturaren biktimei: «Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren agindua betetzeko garaia da». 

Espainiaren aurkako epaiak 2012tik 2021erako tartean eman zituen Estrasburgok, errenkadan. Haren agindua ez da bete orain arte, epaileek ez entzunarena egin baitiote. «Ez da ezer gertatu, eta ez da salbuespen bat, portaera eredu bat baizik», nabarmendu du Urizarrek.

«Kontuak eskatzera joango gara, eta, ez badigute entzuten, Nazio Batuen Erakundera joko dugu Espainiako Estatuari kargu hartzeko»

IRATXE URIZAR Giza Eskubideen Behatokiko ordezkaria

Gainera, aipagarria da beste hainbat erakundek berriki nabarmendutakoa: tortura ikertu egin behar dela, alegia —Nazio Batuen Torturaren aurkako batzordeak horixe azpimarratu zuen Raul Fuentesen kasuan, eta Auzitegi Nazionalak, berriz, Iratxe Sorzabalenean—. «Tortura delituek ez dute preskribatzen, horregatik diogu hau: hemen zazpi zigor epai ditugu, euskal herritarrek aitorpen hori jaso dute, eta ez da aldaketarik izan, ez dira ikertu». 

Estrasburgoko epaiak derrigorrez bete behar dituzte hitzarmena izenpetzen duten herrialdeek; horregatik, bere erantzukizuna betetzeko deia egin diote Espainiako justizia sistemari. Ez dira hutsetik hasiko. Bere garaian haietako bakoitzak jarritako salaketari bide ematea galdegiten dute, eta kasu bakoitza iker dezaten. «Erantzukizunak ezar ditzatela ere eskatzen dugu, polizia agenteak aulkian eser daitezela eta, ahal bada, kondena ditzatela». 

Sanchezen arabera, epaitegien jarrera sistematikoa izan da: «Kasu bat egotea hutsegitea izan daiteke. Bi, kointzidentzia izan daiteke. Bederatzi kasu daude, hamar pertsonari eragiten dietenak; hori patroi bat da. Tortura kasuak ez ikertzea kausa orokorra da, eta milaka pertsonari eragin zien errealitate sistematikoa erakusten du». 

Defizit demokratikoa

«Espainiako Estatua guztiz demokratikoa balitz, guk ez genuke gaur prentsaurreko hau emango». Salaketa aurkeztu dutenen izenean, Martxelo Otamendik nabarmendu du Espainiako epaitegiek «automatikoki» ezarri beharko lituzketela prozedurak eta mekanismoak Estrasburgoren epaiak betetzeko. «Horrek estatu baten kalitate demokratikoa neurtzeko ere balio du, baina ez da horrela, Espainia ez baita guztiz demokratikoa». 

Otamendiren arabera, torturak ez luke zigorgabe geratu behar, are gutxiago Estrasburgok bederatzi aldiz zigor epaia ezarri badu. «Lerro artean esan dio ezin duela jarraitu tortura ikertu gabe, ezin duela jardun asmakizun bat balitz bezala». Gaineratu du torturari dagokionez konplizitatez jardun duela sistema judizialak. «Hori ez bada konplizitatea, zer da konplizitatea?».

«Kasu bat egotea hutsegitea izan daiteke. Bi, kointzidentzia izan daiteke. Bederatzi kasu daude, hamar pertsonari eragiten dietenak; hori patroi bat da»

OSCAR SANCHEZ Abokatua

Amaitzeko, esan du bi aldiz izan direla biktima: poliziak torturatu zituenean eta epaileek salaketei jaramonik egin ez zietenean. «Oso larria da instrukzio magistratuen jokabidea. Poliziak txikituta eramaten du atxilotua magistratuaren bulegora, tortura zantzu ukaezinak dituela, eta magistratuak atxilotuari esaten dion gauza bakarra da salaketa aurkezteko. Polizia judiziala haren aginduetara dago, eta oso larria da poliziei ezer ez esatea».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA