Jakin jardunaldia

Gizarte mugimenduei buruzko Jakin jardunaldiaren hirugarren saioa egin dute gaur

UEUk, 'Jakin'-ek eta Usurbilgo Udalak antolatu dute 'Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune bereziak'. Euskal Herriko gizarte mugimenduek non, nola, norekin eta zertarako egiten duten borroka aztertzen ari dira.

Jakin jardunaldiko iazko irudi bat. JON URBE / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko ekainaren 20a
11:56
Entzun

Atzo eta gaur artean, BERRIAk streaming bidez ematen ari da zuzenean UEU Udako Euskal Unibertsitateak, Jakin aldizkariak eta Usurbilgo Udalak urtero antolatu ohi duten jardunaldia. Aurtengoak ardatz ditu Euskal Herriko mugimendu sozialak; Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune bereziak izena jarri diote jardunaldiari. Aurkezpen ekitaldian azaldu gisa, Euskal Herriak gizarte mugimendu ┬źplurala eta militantea┬╗ du. Mugimendu horien izana eta jarduna aldatuz joan da hamarkadetan, eta horretaz hausnartuko dute bi egunetan: egoeraz eta erronkez, aliantzez, erakunde publikoekin duten harremanaz, gobernantza moduez...

2018tik, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko lau ikerketa talde, Nor, Afit, Ekopol eta Parte Hartuz, gizarte mugimenduei eta parte hartze politikoari buruz ikertzen ari dira. Kaleratu dituzten lanak aitzakiatzat hartuta osatu dute Jakin jardunaldia, baita ondotik kaleratuko duten Jakin monografikoa ere.

Hainbat hitzaldi eta mahai inguru eskainiko dituzte. Jardunaldien aurkezpenarekin ekin zioten atzo Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak eta Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak. 09:30ean izan zuten lehen hitzaldia: Gizarte mugimenduetatik komunitateak ehuntzen: premiazko bai, gatazkatsua ere bai. Marina Sagastizabal soziologia doktore eta EHUko irakasleak eta Ainara Santamaria antropologia doktore eta kazetaritza lizentziadunak parte hartu zuten bertan; hizpide izan zituzten gizarte mugimenduen erronkak eta joerak.

11:00etan izan zuten hurrengo hitzordua, mahai inguru bat, hiru gizarte mugimenduetako kideen artekoa: Leo Bueriberi EHko emakume migratzaile eta arrazializatuen sarekoa, Iraia de la Torre Hordago egitasmoko kidea, eta Maider Avaristo Emagineko kide eta militante feminista.

Hemen dago ikusgai atzo goizeko saioaren bideoa:

Arratsaldean ere hitzaldi eta mahai inguru banarekin amaitu zuten lehen eguna. Batetik, Txomin Poveda soziologia doktoreak azaldu zuen zer aldaketa izan dituzten gizarte mugimenduek eta nora jo dezaketen aurrera begira, Gizarte mugimenduen eraldaketak: paradigma berri bateruntz? hitzaldian. Bestetik, eguneko bigarren mahai inguruan parte hartu zuten Joanes Igeregi Sukar Horia talde ekologistako kideak, Ana Mezo Euskal Herriko pentsiodunen mugimendukoak, eta Aitzol Gil de San Vicente Xuti Gazte Ipar Euskal Herriko gazte mugimendukoak. Harekin amaitu zen lehen eguneko egitaraua.

Gaur, herri mugimenduen eta erakunde publikoen arteko harremanaz aritu dira hiru aditu: Julen Mendoza Perez zuzenbide lizentziadun eta aholkularia, Andere Ormazabal politika zientzietako doktore eta EHUko irakaslea, eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusia (09:30). Atsedenaldia egin dute jarraian, eta parte hartze dinamika bat 12:00etan. Ondoren itxi du egitaraua Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, agurrarekin.

Amaitzeko, Mejillon Tigre kolektiboko Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak Hitz esana poesia emanaldia eskaini dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.