Consuelo Ordoñez. Covite biktimen elkarteko presidentea

«Gizarteratzea bada xedea, baldintzak jarri behar dira hasieratik»

Ordoñezek azpimarratu du bere elkartea ez dagoela euskal presoak hurbiltzearen kontra, baina uste du preso bakoitzaren jarreraren arabera egin behar dela hori, eta irizpide argiak zehaztu behar direla horretarako.

JAVIER LIZON / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Mariano Rajoyren behar politikoek eta orain Pedro Sanchezenek eraman dute Espainiako Gobernua euskal presoak hurbiltzeko erabakia hartzera, Consuelo Ordoñezen arabera (Caracas, 1959). «Ordain» horri «mugak» jartzea zilegi deritzo Coviteko buruak.

Zuentzat sorpresa izan al da Pedro Sanchezek iragarri izana presoak hurbilduko dituela?

Ez. Bagenekien PPkoak EAJkoekin hitz egiten ari zirela eta lan batzuk aurreratuta zeuzkatela. Horiekin jarraitu baino ez dute egingo PSOEkoek, orain haiek behar dutelako babesa. Horren ordaina izango da etorriko dena, baina horri muga batzuk jarri behar zaizkio.

Grande-Marlaska Barne ministroa berme bat da biktimen elkarteen asmoentzat?

Enpatia, maitasun eta errespetu handia diogu elkarri. Oso garai zailetan egon gara, eta gauza asko erakutsi dizkit, maila askotarikoak. Adibidez, PPk Parot doktrina indargabetu zuenean, mantentzearen alde azaldu zen bera.

Sanchezen gobernuaren ildo berean ikusten duzu?

Erabakiak hartu ahala ikusiko dugu hori, eta esango dugu gure konfiantza duen ala ez.

Eta orain artekoaz zer iritzi?

Esaten ari dira presoak hurbilduko dituztela modu indibidualizatu batean. Horrek esan nahi du baldintzaren bat jarriko dutela, eta guk bakarra galdegin dugu: ETAren arbuioa. Hori eskatu eta bi egunera, Kongresuan eginiko adierazpenetan, hitz bera erabili zuen Grande-Marlaskak. Ni izan naiz kasu honetan hitz hori erabiltzen lehena.

Ez zaudete hurbiltzearen kontra. Jarrera aldatu al duzue?

Gu ez gara hurbiltzeen kontra egon inoiz. Izan ziren Aznarren garaian, eta ez ginen aurka azaldu. Zapaterorekin, berdin, presoen artean nire anaiaren hiltzailea egonda ere. Eta jakin dugu izan direla gutxi batzuk Rajoyrekin ere. Denak egin dira baldintza batzuk betez.

Baina legeak ez du baldintzarik ezartzen hurbiltzeko.

Egia da hori. Baina erabaki politiko bat da hurbiltzea, eta, hori hala delako, gobernuei dagokie, nahi badute, baldintzak jartzea. Hala egin dute denek: Zapaterok eskatu zien damua agertzeko, barkamena eskatzeko... Rajoyk, beste baldintza batzuk. Logikoa litzateke EAJren babesaren ordaina den erabaki bati baldintzak edo mugak jartzea. Guk zera egin dugu: aurretiazko markaketa bat.

Urruntzearen alde zaudete oraindik?

Noski.

Eta ez da kontraesan bat?

Ez. Gure ordenamendu juridikoan ez da existitzen presoak espetxea aukeratzeko eskubidea: gobernuak erabakitzen du non egon behar duen. Gainera, neurriak Europako Kontseiluaren babesa dauka: hala adierazi zuen 2015ean. Hori esaten dugu guk; hori, eta presoak hurbildu nahi badira gobernuek ezarritako baldintzak bete behar direla.

Proposatzen duzuena aintzat hartuko ez balu gobernuak?

Ez litzateke ulertuko beti baldintzaren bat jarri izana eta orain ez jartzea. EAJk nahi du hori. Onartuko balitz, are eta argiago geratuko litzateke PSOE saldu egin dela. Guk ozen salatuko genuke.

PPk eta Ciudadanosek ere oposizioa egingo dute. Haien eragin esparrutik kanpo zaudete?

Gu independenteak garela erakusten ari gara, eta kritika asko egiten ari zaizkigu. PP oposizioa egiten ari da hori tokatzen zaiolako, baina, gobernuan egongo balitz, lehenago edo geroago, Sanchezek egin duen gauza bera egingo luke.

Ez zarete kalera aterako?

Gobernu honek esaten badu ETAren arbuioa eskatzen diela presoei, ez gara aterako; ez PPrekin, ez beste inorekin.

Eta presoek eskaera hori onartzen badute?

Ikusi behar da nola egin nahi diren txosten indibidualizatu horiek, zer irizpiderekin. Jesus Loza [Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria] guk zehaztutako ildotik mintzatu da elkarrizketa batean. Esan duen gisan, hurbilketa bada atea irekitzea presoak gizarteratzeko, ez litzateke aski gutun bat idaztea edo denek gauza bera edo antzekoa esatea. Gizarteratzea bada xedea, jarrera aldatu dutela erakutsi behar lukete presoek, eta hori neurtzeko baldintzak jarri behar dira hasieratik, baita hurbildu aurretik ere.

Uste duzu, batzuek dioten moduan, PSOE presoak hurbiltzeko prest dagoela jada horrek kosturik ez diolako ekarriko?

Oker daude hala pentsatzen badute. PPk indargabetu zuen Parot doktrina; egin zezakeen gehiago, eta ez zuen egin. Ziurta dezaket horregatik galdu zuela gehiengo osoa. PSOEk pentsatu nahi badu biktimak amortizatuta gaudela, sorpresa bat hartu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.