Gizarteratzea errazten duten bidelagunak

Gipuzkoara heldu diren migratzaileak eta bertako biztanleak batzea du helburu SOS Arrazakeriaren Izan Harrera programak. Xedea gizarteratzean laguntzea da. Bien arteko harreman horrek onura anitz dituela nabarmendu dute boluntarioek.

Izan Harrera programako bi bikote, Donostian. Ezkerretik eskuinera: Mohamed Ait Mohamed, Usoa Toledo, Mohamed Ait Mukha eta Aitor Maritxalar. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Izan Harrera programako bi bikote, Donostian. Ezkerretik eskuinera: Mohamed Ait Mohamed, Usoa Toledo, Mohamed Ait Mukha eta Aitor Maritxalar. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Donostia
2025eko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ait m’Raotik (Maroko) Donostiara egindako bidaia ez zen samurra izan Mohamed Ait Mohamedentzat eta Mohamed Ait Mukharentzat; baina aukera berri bat eta etorkizun hobe bat ekarri behar omen zien lurraldeak bestelako arazoak ekarri zizkien biei. Gipuzkoara heldutakoan, adibidez, biek zenbait hilabete igaro behar izan zituzten kale gorrian; Ait Mukhak hiru, eta Ait Mohamedek zortzi, hain zuzen. Gizarteratzea ere zaila egin zitzaien hasiera hartan. «Oso irudi txarra dugu hemen; jende gehienak ez du konfiantzarik arabiarrongan», azaldu du Ait Mohamedek. Baina badira aurreiritzi horiek apurtzeko prest dauden gipuzkoarrak ere.

SOS Arrazakeria GKE gobernuz kanpoko erakundeak sustatutako Izan Harrera proiektuak helburu du herritar horien nahiak eta ahaleginak bideratzea. Programak Gipuzkoara heldu diren migratzaileak gipuzkoarrekin batzen ditu, gizarteratzea errazteko. Erakundeko kide Silvana Lucianik nabarmendu duenez, Euskal Herrira heldu berri diren horiei «ongietorria ematea eta gizartean saretzeko aurreneko pausoak erraztea» da Izan Harrera egitasmoaren egitekoa: «Dena da berria haientzat. Hortaz, gure helburua da gizarteratzen laguntzea: gure jaiegunak noiz diren azaldu, kulturan barneratu, edota autobusak nola dabiltzan irakatsi». Gainera, programaren xedeetako bat migratzaileen bakardadeari aurre egitea ere bada, lagun sareak eratuz.

Gizarteratze horretan laguntzeko bidean, hainbat boluntariok hartzen dute parte, Ait Mohamed eta Ait Mukha bezalako migratzaileekin astero bilduz. Horietako bi dira Usoa Toledo eta Aitor Maritxalar. Toledok bederatzi hilabete daramatza astero Ait Mohamedekin geratzen; Maritxalarren eta Ait Mukharen kasuan, martxoan urtea bete zen aurrenekoz kafe bat hartzeko geratu zirenetik. Bi boluntarioek adierazi dute espero zuten baino «esperientzia aberasgarriagoa» dela. «Neure burua hobeto ezagutzen lagundu dit. Zure bizitzeko eraren, arazoen aurrean duzun jarreraren eta zure egunerokoan garrantzitsua denaren inguruan hausnartzen duzu», azpimarratu du Toledok.

Ait Mohamedentzat eta Ait Mukharentzat ere esperientzia aberasgarria ida. Biek nabarmendu dutenez, euskal kulturaren inguruan ikasteko aukera dute orain, bizi diren lekuko «ohiturak eta bizimodua» ezagutuz. «Hemen dena janaren eta edanaren inguruan egiten da. Hori da gehien harritu nauena», esan du, brometan, Ait Mukhak.

«Oso irudi txarra dugu hemen; jende gehienak ez du konfiantzarik arabiarrongan»

MOHAMED AIT MOHAMEDMigratzailea eta Izan Harrerako boluntarioa

Gizarteratzean Toledorekin, Maritxalarrekin edo programaren parte diren beste 52 boluntarioren batekin harremana izateak «asko» laguntzen diela iritzi dio Lucianik. Izan ere, SOS Arrazakeriako kideak nabarmendu duenez, herritarrek jada ez dituzte ikusten «beste migratzaile bat legez», baizik «Aitorren, Usoaren edo Iñakiren lagun gisa». Gainera, Izan Harrera proiektuari esker aurreneko lagun horretatik abiatuta lagun sareak sortu daitezkeela esan du Lucianik. Bide horretatik, Ait Mukhak adierazi du Maritxalarrekin sortutako harremana «oso onuragarria» izan zaiola: «Aurreneko hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Ia ez nuen inor ezagutzen, eta programak asko lagundu dit».

Begiradak nabaritu

Boluntarioek bereziki alde onak nabarmendu dituzten arren, «bizipen gogorrak» ere izan dituztela adierazi dute; Euskal Herriko gizartean dagoen «egiturazko arrazakeriaren» ondorioz. Maritxalarrek beti oroituko du Ait Mukharekin hartu zuen aurreneko kafe hura. «[Donostiako] Konstituzio plazan geunden. Ni urduri, bera urduri, ondo jakin gabe zeren inguruan hitz egin. Eta gure alboan aleman lagun talde bat, ardoa gora eta behera. Baina begirada denak guregan zeuden jarrita. Lehen aldiz sentitu nuen begiratzen zidatela. Bereziki gogorra egin zitzaidan arrazoia zein zen banekielako: Mohamed han zegoelako begiratzen zidaten».

Azpimarratu dute, dena den, migratzaileen bazterketa egoerarik latzenak ezin dituztela SOS Arrazakeriak eta Izan Harrera egitasmoak konpondu. SOS Arrazakeriako kideek azpimarratu dute beren egitekoa «gizarteratzera, ongietorria ematera» mugatzen dela. Beste egoera batzuk saihestea —kale gorrian hilabete luzez egon behar izatea, esaterako— erakunde publikoen esku dagoela gogorarazi dute ekintzaileek. Horrek «frustrazio handia» eragiten diola adierazi du Toledok; eta nabarmendu du denboraren poderioz sentimendu horri aurre egiten ikasten ari dela: «Boluntario gisa haien errealitateak ezagutzen dituzu, eta hori oso gogorra izaten da batzuetan. Frustrazioa sortzen zaizu, askotan ezin duzulako ezertan lagundu, eta hori ere barneratu beharra dago».

«Askotan besteen eskubide kulturalak errespetatzearen inguruan hitz egiten dugu, baina ez gara gure artean harremantzen. Guztiz bereizitako burbuiletan bizi gara» 

SILVANA LUCIANISOS Arrazakeriako kidea

Marokotik etorritako bi lagunek argi dute bazterketa horren sustraietan ezjakintasuna dagoela. «Jendeak ez daki ezer gure bizitzen inguruan: ez dute errealitatea ezagutzen. Haientzat denok gara berdinak; orokorkerietan erortzen dira: denak gara gaiztoak», dio Ait Mukhak. Horrenbestez, Ait Mohamedek eskatu du aurreiritzi horiek alde batera uzteko eta «mundu guztia errespetuz tratatzeko», haren jatorria edozein delarik. Izan ere, gizarteratzeko dituzten arazo nagusietako bat euskal herritarrek dieten «mesfidantza» dela iritzi dio Ait m'Raon jaiotako gazteak.

Horiek horrela, aniztasun hori errespetuz bere gain hartuko duen gizarte bat eratzearen garrantzia aldarrikatzen dute SOS Arrazakeriako kideek. Espazioa partekatuta ere «errealitate paraleloetan» bizi direla iritzi dio Lucianik: «Askotan, besteen eskubide kulturalak errespetatzearen inguruan hitz egiten dugu, baina ez gara elkarrekin erlazionatzen. Guztiz bereizitako burbuiletan bizi gara». Horregatik, eta gaur egungo gizartea plurala dela kontuan hartuta, atzerritik etorritako herritarrak eta bertakoak saretzeko ahalegina egin behar dela azpimarratu du SOS Arrazakeriako ekintzaileak: «Guztionak izan daitezkeen helburuak bilatu behar ditugu».

Euskara, gizarteratzeko tresna

Hizkuntza euskal herritarrekin saretzeko eta lurraldean gizarteratzeko tresna baliagarria izan daitekeela iritzi diote boluntarioek. «Euskara jakiteak ate gehiago irekiko dizkie. Gizarteratuta dauden seinale da», esan du Maritxalarrek. Bide beretik jo du Toledok, eta esan euskaldunek ere eskertzen dutela migratzaileek hizkuntzara gerturatzeko egiten duten ahalegina: «Gugana gerturatzeko era bat da. Garrantzitsua da haiek euskara eta euskal kultura ezagutzea; horrela, beren bizitokiaren inguruko ezaugarrien jakitun izango dira». Ait m'Raon jaiotako bi gazteen kasuan, gainera, euskara zubiak eraikitzeko tresna izan dela nabarmendu dute. Izan ere, Ait Mohamed eta Ait Mukha berbereak dira. «Askotan, bere hizkuntzaren inguruan hitz egiten dugunean, esaten dit: 'Euskara bezala'. Hor lotura bat topatu dugu», azaldu du Toledok.

«Euskara haiengandik gertu egotea nahi badugu, Euskal Herrira heltzen direnean zer eskaintzen diegun pentsatu behar dugu»

USOA TOLEDOIzan Harrerako boluntarioa

Eta Ait Mohamedek eta Ait Mukhak euskarara gerturatzeko pausoak egin dituztela nabarmendu dute. Biek dakite euskaraz agurtzen, eta beste hitz gutxi batzuk badakizkite. «Aurrera beti!», esan du Ait Mukhak, euskaraz zer dakien galdetuta; bere bizitzaren leloa izan zitekeena. Baina euskara ikastea «zaila» egiten zaiela azpimarratu dute. Eta ez hizkuntzaren zailtasunagatik, baizik eta hura ikasteko baliabide faltagatik. Hori dela eta, euskal gizartea eta erakunde publikoak gaiaren inguruan hausnartzera gonbidatu ditu Toledok: «Hasieran ez dute euskararako sarbiderik. Askoz errazagoak dira espainolezko eskolak, eta administrazioan gestio asko egiteko beharrezkoa da espainola. Gizarte bezala, horri buelta bat eman behar diogu: euskara haiengandik gertu egotea nahi badugu, Euskal Herrira heltzen direnean zer eskaintzen diegun pentsatu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.