Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Arrasaten sexu eraso bat egitea egotzita atxilotutako gizonari

Otsailean izan zen erasoa, Mondragon Unibertsitateko ikasle egoitza batean, eta biktimak ostiralean jarri zuen salaketa. Ertzaintzak atzo atxilotu zuen 22 urteko gizona. Elkarretaratzeak egin dituzte campuseko fakultateetan, eta bost minutuko etenaldia.

Mondragon Unibertsitatean elkarretaratzea egin dute erasoa salatzeko. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mondragon Unibertsitatean elkarretaratzea egin dute erasoa salatzeko. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
maddi iztueta olano
2026ko maiatzaren 12a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Arrasaten (Gipuzkoa) sexu eraso bat egitea egotzita atxilotutako gizonari. Ertzaintzak atzo atxilotu zuen 22 urteko gizona, otsailean emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Gaur goizean eraman dute epailearen aurrera, eta Bergarako 2. Instantzia Epaitegiak hartu du hura behin-behinean kartzelan sartzeko agindua. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, biktimak ostiralean eman zuen erasoaren berri: salatu zuen gizonak eraso egin ziola Mondragon Unibertsitateko ikasle egoitza batean. 

Mondragon Unibertsitateak komunikatu baten bidez gaitzetsi du erasoa. Erasoa salatzeko, eguerdian elkarretaratzera deitu dute campuseko fakultate guztietan, eta bost minutuko etenaldi bat ere egin dute. Horrez gain, unibertsitateak babesa eta elkartasuna adierazi dizkie emakumeari eta haren lagun eta senideei. Halaber, nabarmendu du biktimak eskura izango dituela «behar eta nahi» dituen baliabideak. «Indarkeria matxista ez da gertakari bakar bat, emakumeen duintasunaren eta osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten duen egiturazko arazo bat baizik», gehitu dute.

Tarte txikian Mondragon Unibertsitatean eta haren inguruan izandako indarkeria matxistako bigarren salaketa da oraingoa. Duela hiru aste, Oñatiko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Mondragon Unibertsitatearen Oñatiko campuseko aparkalekuan (Gipuzkoa), sexu eraso bat egiten saiatzea egotzita. Bergarako epaitegira eraman zuten, eta, epailearen aurretik igaro ostean, aske utzi zuten behin-behinean.

Udalaren eta Jaurlaritzaren salaketa

Arrasateko Udalak ere «irmoki» gaitzetsi du salatutako sexu erasoa. Zabaldutako prentsa oharraren bidez, udalak babesa eta elkartasuna helarazi dizkio biktimari, eta, Mondragon Unibertsitateak egin bezala, esan du emakumeak behar eta nahi dituen «zerbitzu eta tresna» guztiak izango dituela eskura. Hala, mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioekin bat egitera deitu du.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ere gaitzetsi egin du erasoa. Komunikatu baten bidez, gertakaria «oso larritzat» jo du, eta biktimaren «intimitatea errespetatzearen» garrantzia azpimarratu. Halaber, sailak adierazi du indarkeria matxista giza eskubideen egiturazko urraketa bat dela, eta horrek erakundeen «erantzun irmoa, koordinatua eta denboran sostengatua» eskatzen duela. Horren harira, nabarmendu du «gertutik» erreparatuko diotela ikerketari.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Arrasateko Udalak plazaratu duen gaitzespen adierazpenarekin, eta gertutasuna eta elkartasuna helarazi dizkie emakume biktimari, haren senideei eta gertukoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE