Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu du Azpeitian (Gipuzkoa), haur pornografiarekin loturiko artxiboak edukitzea egotzita. Guztira, haurren sexu abusuekin lotutako 110.000 artxibo atzeman dizkiote.
Urola Kostako ertzain etxeak eta Zibersegurtasuna Koordinatzeko Ertzaintzaren Buruzagitzak maiatzean hasi zuten ikerketa, jakin ostean bazitekeela gizonak haur pornografiarekin lotutako irudi eta bideoak edukitzea. Poliziak ikerketa abiatu eta gizonezkoa identifikatu zuen.
Asteartean, Ertzaintza haren etxean sartu zen, eta han atzemandako gailu elektronikoetan adingabeen sexu abusuen material ugari aurkitu zuen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotuak hainbat erabiltzaile kode eta pasahitz baliatzen zituen sarean eduki pedofiloak zabaltzeko.
Atxilotua atzo utzi zuten epailearen esku. Ikerketaren arabera, gizona aurretik ere atxilotua zuten antzeko delituengatik: 2011n, adingabeak galbideratzea egotzita atxilotu zuen, eta 2014an, berriz, adingabeen pornografiaren delituarekin lotuta.
Ertzaintzak adierazi du ikerketa zabalik dagoela, irudietan agertzen diren biktimak identifikatzeko eta sare berean inplikatuta daudenak aurkitzeko, halakorik baldin badago.