Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Bilbon, 21 urteko beste gizon bati sexu eraso bat egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, bi gizonak Barakaldoko Lutxana auzoko (Bizkaia) eraikin abandonatu batera joan ziren herenegun gaua pasatzera. Atxilotuak sexu harremanak izan nahi zituen bestearekin, baina horrek ezetz esan zion. Orduan, zehaztu du Segurtasun Sailak, biak borrokan hasi ziren, erasotzaileak biktima buruan jo zuen, eta itotzen saiatu zen. Horren guztiaren ondoren, labana jarri zion lepoan, eta sexu erasoa egin zion.
Erasotzaileak biktimari ez zion utzi eraikinetik alde egiten atzo goizera arte. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen salaketa. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen erasotzailea identifikatzeko eta aurkitzeko, eta atzo arratsaldean atxilotu zuten, Bilbo Zaharrean. Segurtasun Sailak zehaztu du atxilotuak aurrekariak dituela antzeko delituengatik. Epailearen esku utzi dute gaur goizean.