Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean N-622 autobidean, Gasteiz parean, «pertsonen legez kanpoko trafikoa» leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizon horrek 11 lagun zeramatzan furgoneta batean; horietako bat maletategian zihoan. 24 eta 48 urte bitarteko gizonak dira guztiak, eta ez zeramaten dokumentaziorik. Ertzaintzak adierazi duenez, Espainiako Poliziaren esku utzi ditu.
Gaur goizaldeko ordu bata eta hogei aldera atxilotu dute gidaria. Arabako Trafikoko Lurralde Unitateko patruila batek gelditu du furgoneta, ibilgailuen kontrol batean. Ertzaintzak bidaiaren jatorriari, helmugari eta asmoari buruz galdetu die bidaiariei, eta bertsio kontrajarriak eskaini dituzte. Egoera ikusita, furgonetako bidaiariak Gasteizko ertzain etxera eraman dituzte, behar bezala identifika ditzaten. Orduan atxilotu dute gizona, atzerriko herritarren eskubideen aurkako delitu bat egotzita.
Ibilgailua miatu du Ertzaintzak eta hainbat pasaporte aurkitu ditu bertan, gehienak bertan ez zeuden beste pertsona batzuenak ziren. Polizia eginbideak eginda, atxilotutako gizona datozen orduetan pasatuko da epailearen aurretik.