Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia), San Inazio jaietan, 19 urteko emakume bati sexu eraso bat egiteagatik. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 5:00ak aldera izan da erasoa. Gazte batzuek negarrez ikusi dute emakumea, alboan gizon bat zuela, eta abisua eman diote Ertzaintzari.
Patruila bat bertaratu da, eta gizona ikusi dute emakumeari besoetatik heltzen eta eraso egiten. Polizietako bat gizona mendean hartzen ahalegindu denean, hura oldartu egin da, baina atxilotu dute azkenean.
Ertzaintzak sexu askatasunaren aurkako delituen biktimentzako protokoloa aktibatu du, eta emakumea ospitalera eraman dute.

