Gaur jakin denez, 53 urteko portugaldar bat atxilotu zuten asteartean Saran (Lapurdi) autoan lau pertsona zeramatzala Nafarroa eta Lapurdi arteko mugaz gaindi. Poliziaren arabera, gizonak gutxienez 20 bidaia egin ditu irailetik, Frantziara eta Belgikara joan nahi duten etorkinak pasatzeko. Gaineratu duenez, 30.000 euro irabazi ditu mugalari lan horrekin.
Baionako Epaitegira eraman zuten gizona atzo. Pakistango da jatorriz, France Bleu Pays Basque irratiaren arabera. Poliziaren arabera, etorkinak Gipuzkoan jaso eta Paris aldera edo Belgikara eramaten zituen. Epaileak behin-behinean preso atxikitzea ebatzi du, apirilaren 29an epaitu bitartean.
Poliziaren arabera, 700 euro inguru kobratzen zion etorkin bakoitzari. Epaileari esan zion eraikuntzan egiten duela lan. Bi haur gazteren aita da.
Mugako hiru pasabide irekiko dituela iragarri zuen atzo Eric Spitz prefetak. Sarako bideko, Lizuniagako eta Lizarrietako pasabideak zabalduko dituzte bihartik aurrera.