Bertze zortzi eraso izan dira Baionako bestetan

Bestak hasi zirenetik, hamabortz eraso erregistratu ditu Itaiak. Gainera, Lucie Franciniren eta Ariane Fravaloren karrikako argazki erakusketari eraso diote. Bertzalde, 23 urteko gizonezko bat atxilotu dute Santurtzin, sexu eraso bat leporaturik.

Baionako bestetan gertatutako erasoak zenbatzeko Itaiak darabilen afixa. BERRIA
Baionako bestetan gertatutako erasoak zenbatzeko Itaiak darabilen afixa. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2026ko uztailaren 18a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Besten hirugarren eguna eta gaua iragan dira Baionan, eta, aste hondarraren atarian, erasoen kopurua goititu da. Hala jakinarazi du Ipar Euskal Herriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, zortzi eraso matxistaren berri eman baitu. Elixabet Etxandi eledunaren erranetan, bortizkeria geroz eta handiagoa da. «Gau bakarrean bertze zortzi eraso erregistratu ditugu. Kolpez igan da kopurua, eta hori bortizkeria baten seinale da».

Egoera bortitza dela ikusirik, bihar 11:00etan elkarretaratzea eginen du Itaiak herriko etxearen aitzinean. «Indarkeria matxistaren igaitearen aitzinean, iruditzen zaigu karrikak hartzeko momentua dela, eraso horiek guziak salatzeko», nabarmendu du Etxandik.

Bestak hasi zirenetik, orotara hamabortz erasoren berri eman du Itaiak. Pontrique karrikan paratu dute erasoen kontrako babesgunea. Gaueko hamarretatik goizeko lauretarako txandan salatu dituzte erasoak.

Erakusketa urratua 

Lucie Francini eta Ariane Fravalo argazkilarien Poils incarnés argazki erakusketari eraso diote. Emazteen eta gorputz disidenteen ileak agerian ematen zituen argazki sorta tarratatua izan dela zehaztu du erakusketaren antolatzaile Kaxu galeriak goizean, sare sozialetan. 

Kaxu galeriak, Sutan kolektibo transfeministak, PAF kolektiboak eta Itaiak erasoa salatzeko agiri bateratua atera dute. Salatu dute obraren kontra egin erasoa ez dela «anekdotikoa». «Agerian uzten dute oraindik ere feminitateak, desiragarritasunak eta kontrol patriarkalak ezarritako arauetatik at dauden gorputzen irudikapenek bazterketa eta arbuioa eragiten dutela». 

(ID_17843707976965) (/EZEZAGUNA) Kaxu galeria
'Poils incarnés' erakusketa, tarratatua. BERRIA 

Antolakuntza kolektiborako deia zabaldu dute, pertsona «orok» existitzeko eskubidea baitu. «Karrikak ere egiturazko indarkerien aurkako borrokarako eremu dira, eta beharrezkoa den bakoitzean hartuko ditugu». Francinik ere erasoa salatu du sareetan. «Baionan besta egitearekin ados nago, baina biziki eskandalagarria zait lan artistiko eta politiko hau suntsitu izana». «Horren aitzinean, artista engaiatuok ez gara isilduko, eta lanean segituko dugu», nabarmendu du.

Sexu erasoa Santurtzin

Ertzaintza 23 urteko gizonezko bat ikertzen ari da Santurtziko (Bizkaia) jai eremuan sexu-eraso delitu bat egin izana leporatuta. Udalerri hartan Karmengo jaiak ospatzen ari dira, eta ostegunetik ostiralerako gauean emakume batek salatu zuen gizonezkoak ukituak egin zizkiola. Segurtasun Sailak azaldu du auziari lotutako eginbideak martxan dituztela, eta epaitegian tramitatuko dituztela.

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Santurtzin, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat, Santurtzin, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Biktimari babesa adierazteko, atzo gauean ordu erdiz itxi zituzten txosnak, eta zenbait karteletan adierazi zuten eremu hartan ez zutela erasorik baimenduko: «Adi, atzo eraso bat izan zen. Espazio honetan ez dugu inolako erasorik onartuko». Era berean, Santurtziko Udalak elkarretaratze batera deitu du astelehenerako. Izan ere, jaietan salatu duten bigarren eraso matxista izan da. Aurrez, astelehenean, gizonezko batek bikotekideari eta haren aitari eraso egin zien.

andre bat atxilo, urruntzea urratu duen bikotekide ohiari eraso egiteagatik

Ertzaintzak 33 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo, Gasteizen, gizonezko bikotekide ohiari labanaz eraso egitea egotzita. 42 urte ditu gizonak, eta emakumearengandik urruntzeko agindu bat zuen; urratu egin zuen agindu hori, andrearen etxean agertuta.
Poliziek atarian aurkitu zuten gizona, etxetik alde egiten ari zela: sastakada bat zuen bularrean, eta zauriak aurpegian; ospitalera eraman zuten, eta diligentziak ireki zizkioten aldentze agindua hausteagatik. Emakumeak aitortu egin zuen bikotekide ohia sastakatu izana, baina ertzainei azaldu zien gizonak egin ziola eraso lehenik, eta bere burua defendatu zuela berak. Edonola ere, atxilotuta eraman zuten, gizona hiltzen saiatzea egotzita.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA