Larrialdi zerbitzuek gizonezko baten gorpua jaso dute gaur goizean Ibaizabal itsasadarrean, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. 10:00ak aldera, itsasontzi bateko patroiak gorpua ikusi du uretan, Sestao parean (Bizkaia), eta abisua eman du. Larrialdi zerbitzuak eta Ertzaintzaren erreskate ontzi bat bertaratu, eta uretatik atera dute hildakoa. Hasieran, hurbileko nasa batera eraman dute: bertaratutako medikuak gizona hilda zegoela baieztatu du.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den eta hildakoa nor den jakiteko. Bitartean, auzitegi anatomiako institutura eraman dute hilotza.