GKSren kanpaldi baten kontra oldartu dira ertzainak Gasteizen

Kanpaldi bat egin nahi zuten salatzeko ez dietela utzi txosnak jartzen, baina ertzainek galarazi egin diete, eta gutxienez lau lagun atxilotu dituzte. Gaur goizean askatu dituzte. Elkarretaratzea egingo dute gaur, 18:00etan.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildutakoen kontra oldartu dira ertzainak gaur iluntzean. L. RICO / EFE
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildutakoen kontra oldartu dira ertzainak gaur iluntzean. L. RICO / EFE
mikel p ansa
2025eko uztailaren 24a
09:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza hartu zuten atzo arratsaldean zenbait gaztek, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Kanpaldi bat egin asmo zuten plazan bertan, salatzeko ez dietela utzi jaietan txosna jartzen. Baina ertzainak eta udaltzainak agertu, ertzainek plaza kolpeka hustu, eta, GKSk berak adierazi duenez, gutxienez hamar gazte identifikatu eta lau atxilotu zituzten. Gaur goizean askatu dituzte atxilotuak.
 

GKSren kanpaldiaren kontra oldartu dira ertzainak Gasteizen

Gasteizeko Txosnen Batzordeak «beto politikoa» ezarri diela, hori salatu nahi zuten kanpaldia eginez. Atzo iluntzean kontzertu bat egitekotan ziren, J Martina taldearekin, 20:30ean. Baina Gasteizko udaltzainak eta ertzainak agertu, eta hesi bat egin zuten plazaren inguruan.

Tentsioak gora egin zuen, eta, 20:30 aldera, ertzainek borrak atera zituzten, eta plaza kolpeka hustu. GKSk salatu duenez, kaleko jantzitako poliziek ere parte hartu zuten oldartze horretan, borra luzagarriekin. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITBri adierazi dionez, elkarretaratuek ez zuten kanpaldia egiteko baimenik, eta plazan zeudenek objektuak jaurti zizkieten poliziei, eta horregatik hasi ziren istiluak.

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, berriz, polizien oldarraldia salatu dute, bortizkeriaz jardun dutelako. Zabaldu dituzten irudietan ikusten da ertzainek hanketan jo zituztela gazteak, borrekin, eta gazteen atzetik korrika ibili zirela. Adierazi dute inguruan zebiltzan herritarren kontra ere jardun zutela.

Horietako lasterketa batean atzeman zituzten zenbait gazte, eta lurrean atxiki, belaunak soin gainean jarrita. GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak azaldu dutenez,ertzainek eta udaltzainek gutxienez lau lagun atxilotu zituzten, gaur goizean askatu dituztenak. Horrela, 21:15 alderako plaza hustu zuten poliziek, eta hesi bat egin plazaren inguruan.

Elkarretaratzea, toki berean

Poliziaren bortizkeria salatzeko, elkarretaratze batera deitu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak gaurko; 18:00etan izango da, Andre Maria Zuriaren plazan, eta Errepresio polizialari ez! Protesta eskubidea bermatu lelopean egingo dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.