Euskal Herrian dira Global Sumud Flotillako lau euskal herritarrak

Israelgo Ktziot espetxetik Atenasera eraman dituzte, eta 23:15 aldera heldu dira Loiuko aireportura.

Flotillako lau kideak Loiuko aireportura heldu berritan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Flotillako lau kideak Loiuko aireportura heldu berritan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko urriaren 6a
23:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean Global Sumud Flotillan atzemandako aktibistak deportatzen hasi da Israel asteburuan, eta Euskal Herritik joandako lau pertsonak ere gaur kanporatu dituzte. Gauean heldu dira Bilbora. Israelgo Ktziot espetxe ondoko aireportutik Atenasera iritsi dira arratsalde hasieran, eta Loiuko aireportura, berriz, 23:15 aldera iritsi dira. Jende andana zuten zain bertan, Palestinako banderak eskuetan, flotillako lau kideei harrera egiteko zain.

Asteburuan beren herrietara heldutako aktibistek «tratu txar fisikoak eta psikologikoak» salatu dituzte. Aireportuetan bertan egindako adierazpenen arabera, jo egin dituzte, tratu «umiliagarria» eman diete, ez diete lo egiten utzi, ziega txikietan «pilatuta» eduki dituzte, ez diete janik eta edanik eman, edo iraungitako elikagaiak eman dizkiete, armekin eta txakurrekin mehatxatu dituzte, inkomunikatuta eduki dituzte, osasun arreta ukatu diete...

Ada Colau Bartzelonako alkate ohi eta flotillako kideak —atzo gauean heldu zen Bartzelonara— esan du datozen egunotan «xehetasunak eta frogak» bilduko dituztela, eta gertatutakoa nola salatu aztertuko dutela: «Hau ezin da zigorrik gabe geratu. Tratu txar sistemiko hau normaltzen bada, edozertarako gai izango dira».

Laurehun ekintzaile baino gehiago

Israelek ostegunean abiatu zuen Global Sumud Flotillaren kontrako operazioa; bizpahiru egunen bueltan 40 ontzi baino gehiago atzeman zituen, eta haietan zihoazen laurehun ekintzaile baino gehiago atxilotu ere bai. Asteburuan itzuli dira haietako batzuk; zapatuan, Turkiara deportatu zituzten hamalau herrialdetako 137 aktibista. Gaur, berriz, guztira 171 kide deportatuko dituzte Greziara edo Eslovakiara. Israelgo Atzerri Ministerioak AFP berri agentziari esan dionez, 138 ekintzaile Israelen eskuetan daude oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.