Israel eta Hamas Gazarako Trumpen plana negoziatzen hasi dira, Egipton

Gatibuen eta preso palestinarren trukea eztabaidatuko dute, bitartekarien bidez. Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak su etena eskatu du trukea egin ahal izateko.

Palestinar batzuk Gaza hiriko Al-Remal auzoan, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk Gaza hiriko Al-Remal auzoan, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urriaren 6a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea fio da berandu baino lehen helduko diotela Gazarako berak ondutako planari, zeren gaur, plana aurkeztu eta astebetera, gatazkaren bi aldeak bildu baitira Sinai penintsularen hegoaldeko Xarm el-Xeikh hirian (Egipto). Hamasek partzialki eman zion baiezkoa Trumpen planari, eta, AEBetako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari erasoak eteteko eskatu zion arren, asteburuan ia ehun lagun hil dira Gazan, Israelgo armadaren erasoetan, eta, gaur, zazpi dagoeneko, Al-Jazeera hedabidearen arabera. Israelgo Gobernuaren bozeramaile baten arabera, ez dago su etenik, «zenbait erasoren etena» baizik.

Ekialde Hurbilean «aspaldi bilatutako bakea» lortzeko plana eztabaidatzeko bildu dira Israelgo Gobernuaren eta Hamasen ordezkaritzak, Trumpek sare sozialetan atzo iragarri zuenez: «Guztiei eskatu nahi diet mugi daitezela». Israelen ordezkaritzak Ron Dermer Estrategia Gaietarako ministroa izango du buru —estatubatuarra da, eta harreman estua du AEBetako Alderdi Errepublikanoarekin. Zortzi urtez, 2021 arte, Israelen enbaxadorea izan zen AEBetan—. Zenbait hedabidek Israelgo iturri aipatuz esan dutenez, Dermerrek ez du parte hartuko gaurko negoziazioetan, eta «beranduago» helduko die horiei, «azken bultzada» emateko.

Hamasena, berriz, talde islamistako buruetako batek zuzenduko du, Khalil al-Hayyak —Israel hura hiltzen saiatu zen Dohan zeuden Hamaseko lider batzuen aurka egindako bonbardaketan, irailean—.

Gatibu eta preso trukeei buruz eztabaidatuko dute zeharkako negoziazioetan, eta bitartekari gisa arituko dira AEBak, Egipto eta Qatar. Hamasek 48 gatibu ditu oraindik, horietako gehienak hilda daude, eta, Trumpen 20 puntuko planaren arabera, hiru eguneko epean askatu beharko lituzke; behin hori eginda, Israelek bi mila preso palestinar inguru askatuko lituzke. Atzo, gatibuen auziaz arduratzen den Israelen koordinatzaile eta armadako jeneral ohia, Gal Hirsch, ICRC Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordearen Israelgo eta Palestinako lurralde okupatuetako ordezkariarekin bildu zen. Israelek eta Hamasek su etena sinatu zuten urtarrilean, eta, orduko hartan, Gurutze Gorria arduratu zen bi aldeen artean gatibuak eta presoak trukatzeaz. Gaur Egiptoko negoziazioetan egotekoa da Hirsch. 

ICRCk oharra kaleratu du gaur, eta su etena eskatu du gatibuen eta presoen trukea egin ahal izateko. «Operazio hauek oso konplexuak dira, eta zorrozki antolatu behar dira logistika eta segurtasun aldetik», herritarren «segurtasuna, duintasuna eta ongizatea lehenesteko». Gurutze Gorriak «bitartekari neutral gisa» aritu gura du bahituak eta presoak itzultzeko. Gazara laguntza emateko ere prest dagoela berretsi du.

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak atzo esan zuen oraingo elkarrizketak «teknikoak» izango direla, eta espero duela «agudo» amaitzea. NBC kateari egindako adierazpenetan, idazkariak agerian utzi zuen bilera horietan ikusiko dutela Hamas «serioski» ari den edo ez. Hurrengo txanda baterako utziko dute Gazako gobernantzaz eztabaidatzea. Ez da «erraza» izango; kontu horri buruzko adostasunik gabe, ordea, «ez da bake egonkorrik egongo», Rubioren esanetan.

%90

 

Suntsitutako ur eta estolda sareaUNRWAPalestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, Gazako zerrendako ur eta estolda sarearen %90 suntsitu dute Israelen bonbardaketek. Hala jakinarazi du gaur kaleratutako dokumentu batean, Israelen erasoaldiak bi urte beteko dituen egunaren bezperan.

Planak aurreikusten du Gazarako «trantsiziozko» gobernu teknokrata bat sortzea, Palestinako fakzioen ordezkaritzarik gabekoa, eta hori nazioarteko zenbait agintarik gainbegiratzea, besteak beste Trumpek eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak (1997-2007). Gazaren administrazioa nazioarteko organo batek ikuskatzea onartu du Hamasek, betiere aldi baterako gobernua palestinarren esku utziz gero.

Planaren zenbait punturekin ados agertuagatik ere, Hamasek ez du begi onez ikusten armak uzteko eskakizuna. Asteburuan telebistan egindako agerraldi batean, Netanyahuk esan zuen, batera edo bestera, talde palestinarrak armak utzi beharko dituela: «Edo diplomatikoki, Trumpen planari jarraituta, edo militarki, gure ekimenez».

Bihar bi urte beteko dira Israelek Gazako zerrendaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. HRW Human Rights Watchek salatu du tarte horretan ez dela «justiziarik» izan, eta AEBetako presidentearen planak ez dituela aintzat hartzen giza eskubideen urraketak. Gaur kaleratutako ohar batean, gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du planak ezin duela ordezkatu nazioartearen ardura, eta gobernuek ez dutela zertan itxaron «arriskuan daudenei min gehiago saihesteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.