Global Sumud Flotillari elkartasuna adierazi diote Bilbon

Dozenaka lagunek salatu dute Israelgo armadak ontzietako bati eraso egin diola drone baten bidez. Ostegunean beste protesta bat izango da, «elkartasunaren kriminalizazioa» gaitzesteko.

Global Sumud Flotillari elkartasuna adierazi diote Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Global Sumud Flotillari elkartasuna adierazi diote Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko irailaren 9a
20:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den zapatuan, Global Sumud Flotillaren alde Santurtzitik Bilbora egindako itsas martxan, jada ohartarazi zuten adi egon beharraz, itsasontziek droneak baitituzte inguruan une oro. Esan zuten segur aski berriro mobilizatu beharko dutela egitasmoari babesa agertzeko. Bada, oraindik hiru egun igaro ez diren honetan, berriz egin dute flotillaren aldeko elkarretaratze bat Bilbon: bart Israelgo armadaren drone batek eraso egin zion ontzietako bati Tunisian, eta gaur arratsaldean dozenaka lagunek salatu dute erasoa. «Israelek ez du mugarik errespetatzen, ezta nazioarteko legedirik ere».

Egunean zehar zabaldu da deialdia, eta erantzun zabala izan du. Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzaren aurrean elkartu dira dozenaka lagun, Palestinako banderekin, Erasoen gainetik Global Sumud Flotilla aurrera! lelopean. Haserrea nabaritu egin da: «Boikot Israel, Palestina askatu», «Ez da gerra bat, genozidio bat da» eta «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» oihuak ez dira isildu hogei minutuan.

Komunikatu labur batean gaitzetsi dute Israelek «Palestinaren ahotsa isilarazi nahi» izana: «Baina palestinar herriak lortuko du bere askatasuna eta duintasuna konkistatzea». Eta azken mobilizazioen intentsitatearen erakusle, gogora ekarri dute ostegunean beste elkarretaratze bat izango dela Bilbon, Erresuma Batuaren kontsuletxearen aurrean, 19:00etan, Londresen izandako atxiloketen harira, «Palestinarekiko elkartasunaren aurkako kriminalizazioa» salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.