Gazako mugetatik haratago egin dio eraso Israelek Hamasi: Dohako (Qatar) etxebizitza batzuk bonbardatu ditu, eta, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren arabera, horietan Palestinako erakunde islamistako goi kargudun batzuek hartzen zuten babes. Israelgo armadak argudiatu du lider horiek urteak daramatzatela lanean Hamasen antolakundean. Hain justu, Hamaseko lider horiek AEBetako presidente Donald Trumpek proposatutako tregoari buruzko negoziazioetan ari ziren parte hartzen, Al-Jazeera hedabideak talde islamistako iturriak aipatuz kaleratu duenez. Hamasek oharra kaleratu du, eta erakundeko liderrak onik atera direla jakinarazi du, baina erasoan sei lagun hil direla, tartean, goi kargudunetako baten semea. Netanyahuk nabarmendu du beren kabuz hartu dutela eraso egiteko erabakia, eta Israel Katz Defentsa ministroarekin batera kaleratu duen oharrean adierazi du erasoa «guztiz justifikatuta» dagoela, 2023ko urriaren 7tik erakunde islamistak ez diolako utzi israeldarren kontrako «ekintza hilgarriak» egiteari; hain zuzen, Jerusalem ekialdean sei hildako utzi zituen atzoko erasoa aipatu dute.
Qatarko Atzerri Ministerioko bozeramaile Majed al-Ansarik gaitzetsi egin du Israelen erasoa, eta leporatu dio «nazioarteko zuzenbidea urratzea», baita Qatarko herritarren segurtasuna arriskuan jartzea ere. «Israelen jarrera axolagabea onartezina da, eta kalte egiten dio eskualdearen egonkortasunari eta segurtasunari», gaineratu du kaleratutako oharrean. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ere salatu du, sare sozialetan, eskualdeko «segurtasuna eta egonkortasuna mehatxupean» jarri duela Israelek. Nazio Batuen Erakundeak eta Ekialde Hurbileko zenbait herrialdek ere Israelen bonbardaketa gaitzetsi dute; besteak beste, Egiptok, Iranek, Libanok, Saudi Arabiak, Siriak eta Turkiak. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak, berriz, «zoritxarrekotzat» jo du erasoa, baina nabarmenduta aurrez horren berri zutela. Kontraesankorrak diruditen bi adierazpen egin ditu: alde batetik, erasoak «helburu laudagarria» izan duela Hamas deuseztatzen saiatu delako, baina Qatarren egin izanak ez diela «laguntzen Israelen eta Estatu Batuen helburuei».
Duela egun batzuk Israelgo armadako buru Eyal Zamirrek ohartarazi zuen prest leudekeela atzerrian dauden Hamaseko liderrak hiltzeko —eta Etxe Zuriko iturriek Reuters berri agentziari jakinarazi diotenez, Washingtonek bazekien Tel Aviv Dohako erasoa egitear zela—. Aldi baterako batzorde batek du erakunde islamistaren ardura, Israelek Ismail Haniyeh eta Yahya Sinwar Hamaseko adar politikoko buruak hil ondotik, iazko uztailean eta urrian, hurrenez hurren. Batzorde hori bost kidek osatzen dute, eta horietako bat da Khalil al-Hayya, Hamasen Gazako ordezkaria eta meniarako negoziazioetarako arduraduna. Al-Jazeerak bere iturriak aipatuz kaleratu duenez, bera zen Israelen erasoen helburu nagusietako bat.
Bestalde, zerrendan salbu egoteko nora joan ez badago ere, etxea utzi eta zerrendako beste eremu batera desplazatu beharko dute Gaza hiriko biztanleek; izan ere, han bizi direnei eta han daudenei Gaza hiritik joateko agindu die gaur 07:00etan Avichay Adraee Israelgo armadaren arabierazko bozeramaileak. «Ekialdetik mendebaldera, Hiri Zaharretik itsasora, auzo guztiak» husteko agindu du sare sozialetan eman duen mezuan. Gaineratu du armadak «Hamas garaitzeko» erabakia hartu duela eta «indar handiz» jardungo dela, orain arte «zerrenda osoan jardun duen bezala».
Adraeek ez du iragarri erasoa noiz izango den, baina Gazan geratzea «oso arriskutsua» dela adierazi du. Kostaldeko Al-Raxid errepidea baliatuta hegoaldeko Al-Mawasiko eremu humanitariorantz joateko agindu du, nahiz eta Israelek eremu hori ere ia egunero bonbardatu duen. Aintzat hartzekoa da, gainera, Gaza hirian 900.000 eta milioi bat pertsona artean bizi direla, eta Al-Mawasiko eremu humanitarioa dagoeneko jendez lepo dagoela. Hain zuzen, Israelgo armadak mapa bat kaleratu du gaur, non zerrendako «borroka eremuak» gorriz margotuta agertzen diren; bada, zerrenda osoa agertzen da gorriz bi lurralde izan ezik, Khan Yunisko hegoaldeko eremu bat eta Deir al-Balah ingurua.
Israelgo armadak abisua eman baino ordu batzuk lehenago, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ohartarazi zuen Gaza hiriko biztanleek «berehala» egin beharko luketela ihes. Horrez gain, goraipatu egin zituen orain arte han egindako operazio militarrak: «Israelgo aire armadak 50 dorre eraitsi ditu, eta hau hasiera baino ez da».
Hain justu, iragan ostiralean beste operazio militar bati ekin zion Israelgo armadak, zeinak helburu duen Gaza hiriko eraikin altu guztiak behera botatzea, argudiatuta Hamasek «ezkutaleku eta antolakunderako egoitza» gisa erabiltzen dituela. Antzera mintzatu da Israelgo Defentsa Israel Katz, gaur sare sozialetan idatzitako mezu baten bidez: «Hamasek azpiegitura militar gisa erabiltzen dituen 30 eraikin altu birrindu ditugu gaur bertan».
Gero, Palestinako erakunde islamistari mintzatu zaio mezu horretan, eta mehatxu egin dio berriro ere: «Hamasek ez baditu armak uzten eta gatibuak askatzen, suntsitu egingo ditugu, eta Gaza ezerezean geratuko da». Halaber, AEBetako presidente Donald Trumpek atzo «azken ohartarazpena» egin zion Hamasi, gatibu guztiak aska ditzan. AEBetako presidentearen hitzetan, hori da Israelek Gazaren aurkako erasoaldia bukatzeko aukera bakarra. Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek jakinarazi du Tel Avivek onartu duela Trumpek egindako menia proposamena; besteak beste, horretan jasota dago Hamasek armak uztea eta gatibu guztiak askatzea.
Nolanahi ere, azken egunetako gertakariek koska bat areagotu dute Hamasen eta Israelen arteko haserrea. Jerusalem ekialdean eraso bat izan zen atzo: autobus geltoki batean zeuden zenbait zibil tirokatu zituzten. Israelgo Gobernuaren arabera, «eraso terrorista bat» izan zen; Hamasen esanetan, berriz, «erresistentziaren bi borrokalarik» gauzatu zuten tiroketa, eta ekintza hori Israel Gazan egiten ari den «sarraskiaren erantzuna» izan zen. Hain zuzen, Palestinako erakunde islamistako adar militarrak, al-Qassem Brigadak, bere gain hartu du erasoa gaur. Sei pertsona hil ziren, eta 26 zauritu.
Bada, gertakari horren biharamunean, Katzek iragarri du bertan behera utziko dituztela ustezko erasotzaileen senideen eta bizilagunen lan baimenak. Sare sozialetan jakinarazi duenez, guztira 750 lan baimen ezeztatuko dituzte; halaber, ezin izango dira Israelen sartu.
Flotillaren aurkako erasoa
Bart gauean Israelgo armadaren drone batek nazioarteko Global Sumud Flotillari eraso dio, flotillak berak jakinarazi duenez. Ontzidia Tunisiako Sidi Bou Said portuan zegoela, jaurtigailu bat erori da bertara, eta sutea eragin du ontzian. Sei pertsona ziren barruan, tartean Greta Thunberg ekintzaile ezaguna, baina ez da inor zauritu.
Tunisiako agintariek, halere, gezurtatu egin dute flotillako kideek esandakoa. Komunikatu baten bidez esan dutenez, ontzidia ez du drone batek jo; haien arabera, sutea beste zerbaitek eragin du, agian «zoriz salbamendu jaketan» piztutako sute txiki batek. Gainera, herritarrei eskatu die zurrumurruak ez sinisteko, eta iturri ofizialen bidez informatzeko.
Erasoaren biharamunean, prentsaurrekoa egin dute flotillako kideek, Tunisian bertan. Jakinarazi dute Gazarako bideari jarraituko diotela. «Gure helburua are indartsuagoa da orain, eta lehen baino gogo handiagoa dugu Gazako setioa hausteko», esan du flotillaren Tunisiako koordinatzaile Ghassen Hentxirik.
Bestalde, Espainiako Gobernuak erabaki du herrialdera sartzea debekatzea Israelgo bi ministro ultraeskuindarri: Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirri eta Finantzarako ministro Bezalel Smotrichi. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek atzo iragarri zuen Espainiak armen enbargoa ezarriko diola Israeli, eta horren ondoren hartu dute erabakia.
ISRAELEK SIRIAKO HAINBAT EREMU BONBARDATU DITU
Israelgo armadak eraso egin die bart Siria erdialdeko Homs eskualdeari eta ipar-mendebaldeko Latakiari. Siriako Atzerri Ministerioak eman du eraso horien berri, ohar baten bidez, eta salatu du Tel Aviven operazioak «urratu» egiten duela nazioarteko zuzenbidea. Ez da ez hildakorik, ez zauriturik izan. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera —zeinak Londresen baitu egoitza—, Israelek Siriako armadaren «azpiegitura militarrak» jo ditu. Oraingoa ez da izan Israelek Siriari eraso egin dion aurreneko aldia; elkarte horren arabera, urte hasieratik hona 86 eraso egin ditu Tel Avivek.