Euskal presoak. Espainiako Justizia. Margarita Robles. Legelaria

«Gobernuak eta presoak ezin dira modu globalean aritu»

Espetxe politikan jarrera eta tratamendu indibidualak izan behar direla nabarmendu du Roblesek. Euskal auzian bi aldeetan bestelako jokabidea eduki izana «huts» modura jo du.

enekoitz esnaola
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Margarita Robles bada norbait Espainiako Justizia sisteman: 1993-1994an, Justizia Ministerioko idazkariordea izan zen, PSOEren gobernuan; 2004-2016an, Auzitegi Goreneko magistratua, 3. aretoan; 2008-2013an, CGPJko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea; eta iaztik, Kongresuko Justizia batzordeburua da—PSOEko diputatu independentea da—. Barne Ministerioan ere badu ibilbidea: 1994-1996an, estatu idazkari izan zen; eta iaztik, Kongresuko Barne Ministerioaren batzordeko kidea da. Beraz, badu ezagutzarik euskal auziaz. Espetxe arloan, kasurako, argi du presoek banan-banan eskatu beharko lituzketela kartzelako onurak, «inoren inposiziorik onartu gabe». Halaber, uste du Espetxe Zaintzak badaukala «erabaki propioak» hartzeko ahalmena.

1996an PP jarri zenean Espainiako Gobernuan, aldaketa esanguratsu bat gertatu zen berehala: Jose Maria Aznar presidenteak Espetxe Instituzioa Barne Ministeriora pasatu zuen Justiziakotik. Robles (Leon, Espainia, 1957) irten berria zen Barne Ministeriotik, eta ez zitzaion erabakia gustatu: «Espetxe Instituzioa ehun urte pasan zegoen Justizian, eta orain ere hor beharko luke. Justizia Ministerioa eskubideekin identifikatzen da; Barne Ministerioa, errepresioarekin, segurtasunarekin. Oso karga politiko garrantzitsua eduki zuen aldaketa hark. Gainera, aurretik gobernu sozialistak egindako guztia hautsi zuen Aznarrek». Dena dela, aitortu du gaur eztabaida ez dela Espetxe Instituzioa batean edo bestean egotea. «Espetxe Zaintzan jarri behar da arreta. Presoen onura eskaerak-eta epaile baten eskuetatik pasatzen dira. Kontrol judiziala dago, eta garrantzitsuena da Espetxe Zaintzak lana ondo egiteko bermeak izatea».

Sara Majarenas euskal presoaren kasua aipatu du jorratu beharreko adibide modura, eta Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen erabakiaren alde azaldu da, «erabat». «Espetxe Zaintzako epailea ez dago gobernuko inoren menpe. Botere Judizialeko parte da, eta, beste edozein epaile bezala, independentea da». Larri gaixorik dauden euskal presoen kasuak ere baditu Castrok mahai gainean, eta ez du erantzun baikorrik eman. Roblesek erantzun du segitu egin behar dela bide horretan, eta beharrezko ikusten du Espetxe Zaintzak, bermeez gain, «baliabide gehiago» izatea.

Banan-banango tratamendua

Legelariak funtsezko deritzo euskal presoek legedia erabiltzeari eta eskaerak banan-banan egiteari. «Posizionamendu eta tratamendu indibidualak izatearen alde nago; asko sinesten dut horretan. Preso bakoitzak bere erabakiak hartu behar ditu, bere eskaerak eginez». Espainiako Estatuak espetxe arloan irizpide bera izan beharko luke, haren arabera. «Herri honetan bi aldeetan bloke bat bezala hartu da kartzela politika, eta hori izan da hutsegiterik handiena. Espetxeetako Lege Nagusiak oinarrizko irizpide bat du: zigorraren indibidualizazioa. Hala, tratamendu indibidualaren aurkako neurri bat da presoen sakabanaketa; horren kontra nengoen, eta nago. Arrazoi beragatik diot presoek ezin dituztela planteamendu globalak edo blokean egin, preso bakoitzak bere inguruabarrak baititu: familia egoera, bere beharrak, bakoitzak izango du iraganarekiko ikuspuntua, konbikzioak... Beraz, presoari ez diezaiotela ezer inposatu; eman askatasuna nahi duena egiteko. Baina gobernua ere ezin da espetxe politikan modu globalean aritu; presoak banan-banan aztertu behar ditu».

Gainera, Roblesek nabarmendu du Espainiako legeak dioela presoak bere familiatik ahal den gertueneko kartzela batean egon behar duela. «Gobernuaren esku dago urruntze politika amaitzea, ez presoen esku. Legedia bete behar du gobernuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.