Gobernuaren egitura argitu dezala eskatu dio Geroa Baik PSNri

Goizean sozialistekin izandako bileran, ontzat jo dute kontrol mekanismoetan egon diren arazoei buruz PSNk eman dien azalpena, baina uste dute oraindik ere hainbat puntu argitzeko daudela.

Geroa Baiko eta PSNko ordezkariak gaur Parlamentuan. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2023ko ekainaren 26a
13:49
Entzun

Korapiloa ez da guztiz askatu, baina Geroa Baik elkarrizketetan aurrera egingo du, eta, gaur, 17:00etan, PSNk eta Zurekin Nafarroak legealdirako politiken edukiei buruz hitz egiteko bileran egongo da. Sozialistekin goizean egindako bileran, gobernu egiturari buruzko ikuspegia azal dezatela eskatu diete: «Ez digute argitu guk nahi genuen guztia», aipatu du amaieran Maria Solana Geroa Baiko eledunak.

Gaurko bilkura ekainaren 12an hitzartua zuten bi alderdiek, baina, PSNk hura bertan behera utzi eta emandako hitza bete ez zuelakoan, negoziazio mahaitik altxatzea erabaki zuen Geroa Baik. Pultsuak bi aste iraun du.

Ikusi gehiago:PSNk gobernu eredua argitu arte, Geroa Baik soka tenkatu du

Talkak zerikusia zuzena du, batetik, alderdi bakoitzaren negoziazio estrategiekin, eta, bestetik, iragan legealdiko esperientziarekin. Hala, Geroa Baik uste du gobernu barruan iragan legealdian hainbat erabaki ez zirela kontsentsuz hartu, eta adierazi du politiken edukietan sartu aurretik hori zehaztea komeni dela: «Behar dugu jakin zein den, PSNren aburuz, Geroa Bairi egokituko zaion rola ustezko gobernuan, eta nahi dugu jakin horretarako nahikoa konpromisoa baden. Orain arte ez dugu lortu jakitea PSNk zehazki zer nahi duen». Solanaren arabera, sozialistek ez dute hori aurreratu nahi. «Guk argi utzi diegu hiruko gobernu batean erabakiak kontsentsuz hartu behar direla»

Aldiz, negoziazioetan aurrera egin eta edukiak hitzartu ostean, PSNri komeni zaio gobernu egituraren xehetasunetan sartzea. «Lehenik, edukian jarri behar gara ados, eta, ondoren, ikusi bakoitzak zer arlo kudeatuko duen», azaldu du PSNko Ramon Alzorrizek. Dena den, aurreko egunetan egin bezala, sozialistek beste behin iradoki dute gobernu horrek parlamentuko ordezkaritzari erantzun behar diola, eta legealdi honetan sozialistek pisu handiagoa dutela: «Eskuzabalak gara. Ulertzen dugu herritarrek gutako bakoitzari ordezkaritza bat eman digutela koalizio gobernu horretan eta herritarren agindu hori bete egin behar dela bere horretan».

Beste bi eskaerak

Duela lau urte akordio programatikoa hitzartu zenean, haren edukia betetzen zen ikusteko kontrol mekanismoak ezarri ziren. Geroa Bairen arabera, maiz kontrol neurri horiek ez dira ezarri, eta horregatik eskatu diete horien gaineko berme gehiago behar direla. «Autokritika puntu bat erakutsi dute, onartu dutelako gure aurrean behintzat akordioan sinatua genuela, kontrol erremintari dagokionez. Onartu dute askotan hortik at funtzionatu dugula eta horrek ez digula onurarik ekarri», esan du Solanak.

Geroa Baik ontzat jo du emandako azalpena baina, esperientzia horrek pentsarazi diete arlo horretan indar handiago egin behar dutela. Halaber, uste dute beharrezkoa dela Maria Txibitek lidergoa hartzea bai negoziazioetan eta bai kontrol neurrien eta bermeen arloan. Geroa Baik argitu du haien zazpi botoak ez direla izango PSNrentzat edo beste inorentzat. «Hartara, guretzat inportantea da Txibite egotea mahaian, erabaki horiek lehen pertsonan hartzen direla egiaztatzeko eta hasieratik bere lidergoa adierazteko. Lau urtetan hamaika bider salatu dugu lidergo falta hori eta aurpegirik ez duela eman».

Aldiz, Alzorrizek erantzun du negoziazioen ardura bere gain utzi duela Txibitek, eta alderdi bakoitzari dagokiola erabakitzea nor eseriko den mahaian. «PSNk erabaki du hori, gure artean konfiantza dugu. Negoziatzen den guztia berekin [Txibiterekin] aztertzen dugu, eta nik haiei ez diet esaten nor etorri behar duen». Halaber, Alzorrizek azpimarratu du negoziazioen xehetasunak hiru alderdien artean aztertu behar direla, Zurekin Nafarroaren botoak ere beharrezko izango direlakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.