Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak gobernu aldaketak jakinarazi eta berehala etorri dira alderdi guztien erreakzioak. Geroa Baik eta Zurekin-ek, PSNrekin batera Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek, adierazi dute PSN barruko mugimenduekin dutela lotura gobernuburuak jakinarazitako aldaketek, eta eskatu diote lehenbailehen deitzeko gobernu akordioaren jarraipen batzordera, azal diezaien zergatik egin dituen aldaketa horiek. EH Bilduk ere Txibiteren erabakia izan dela esan du, eta onerako izango dela legealdiari bultzada bat ematen badiote.
Geroa Baik zehaztu du Nafarroako eremu sozialistarekin lotura duen «krisi» batengatik egin duela aldaketa, eta ez diotela eragiten Geroa Bairen sailei. Txibitek inertzia aipatu du agerraldian, eta hori ukatu egin du Geroa Baik: «Nafarroarentzat estrategikoak eta sustapen politiko handikoak diren gaiak mahai gainean jarriz hasi dugu urtea, hala nola industriaren legea eta Osasunarena». Eta gai horiei lehentasuna emateko eskatu dio Txibiteri.
Carlos Guzman Zurekin-eko eledunak «aldaketa kosmetikotzat» jo ditu gobernu kideen aldaketak: «Agian gehiago dira PSNren hauteskunde aurreko bide orri bati erantzuteko», gehitu du. Halaber, eskatu dio legealdia amaitzeko falta den hilabeteetarako «ofentsiba sozial bat» sustatzeko. Haren irudiko, gobernuaren jardun instituzionalaren parte handi bat «gogogabe arituko balitz bezala da, jarraipen gisako egoera batean murgilduta baitago, eta horren aurrean ez dute balio aldaketa kosmetikoek edo izen aldaketa hutsek».
Laura Aznal EH Bilduren eledunak agerraldi batean azaldu du «aldaketak positiboak izango direla anbizio handiago bat bultzatzen baldin badute Nafarroak behar dituen eraldaketetan eta politika publikoetan». Inertzia izan du hizpide; izan ere, Txibitek aipatu du ez ote zegoen inertzia hori ezarria gobernuan. Aznalek esan du inertzia ezin dela izan aukera bat. Horrenbestez, legealdiari bultzada bat ematea espero du, eta bi aldeek dituzten akordioak bete daitezen bermatzea. Indar aurrerakoien arteko elkarlana ere defendatu du, «alderdien interesen gainetik Nafarroako herritarren beharrak jartzeko erdigunean».
UPNk eta PPk, ustelkeria hizpide
Cristina Ibarrola UPNko presidenteak ez du aukera galdu berriz ere hauteskundeak eskatzeko. «Txibite hondoratuta eta garaituta dago», esan du, eta uste du nafarrek ez zutela espero Txibitek gobernu aldaketa bat jakinaraztea, baizik eta presidenteak dimisioa ematea eta hauteskundeetara deitzea. «Ez da ziklo politiko berri bat; hau sanchismoaren zikloaren amaiera da Nafarroan», gehitu du, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari ere aipamen eginda.
Remirezentzat eta Juriorentzat ere izan ditu hitzak: «Ez datoz aldaketa politiko bat egiteko; gobernu honen gainean dagoen ustelkeriaren itzala estaltzera datoz. Bi profil oso bortitz dira», gehitu du.
PPk ere bide beretik egin du: «Sinesgarritasun politikorik ez duen eta ustelkeriaz zikinduta dagoen gobernu batean egoteko prest dauden bi pertsonarengana jo behar izan du».