Javier Remirez izango da Nafarroako Gobernuko presidenteordea, eta Inma Jurio Barne kontseilaria

Nafarroako Gobernuko lehendakariak lema kolpea jo du, eta Felix Taberna presidenteordea eta Amparo Lopez eleduna kargutik kendu ditu. Txibitek arrazoitu du «bultzada politikoa» eman nahi diola gobernuari, eta zehaztu berak erabaki duela aldaketa egite.

(ID_15660387) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-01-08, Iruñea. Maria txibite lehendakariak Gobernu barruko moldaketaren eta ordezkoen berri...
Maria Txibite gaur, kargugabetzeen eta kontseilari berrien izendapenaren berri ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 8a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte berria, gobernu krisia. Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohi eta Maria Txibiteren konfiantzazko gizonak dar-dar batean utzi zuen iragan ekainean Nafarroako Gobernua, eta ur politikoak bareago jaisten ari zirela zirudien honetan, Maria Txibite lehendakariak bere gobernua moldatzea erabaki du. Felix Taberna presidenteordea eta Amparo Lopez Barne kontseilari eta gobernuko bozeramailea kargugabetu ditu, kolpe batez. Javier Remirez gobernura itzuliko da: batetik,Tabernaren postua beteko du, presidenteorde gisa; bestetik, bozeramaile izango da. Gainera, Inma Jurio Barne, Funtzio Publikoko eta Justizia kontseilari izango da.

Txibitek gaur 10:30ean iragarri ditu nortzuk izango diren ordezkoak. Bart gauean, isilpean eman zitzaien kargugabetzeen berri hainbat komunikabideri, eta atsekabea azaldu du horregatik: «Herritarrei eta bazkideei diedan errespetuz, nire asmoa zen nik neuk ematea gaur horren berri». Zehaztu duenez, moldaketa «lehendakariaren erabakia izan da». Era berean, aurretik eman die bere asmoaren berri Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari.

Hamabost hilabete geratzen dira legealdia amaitzeko, eta moldaketa horren bidez Txibitek «bultzada politikoa» eman nahi dio gobernuari. Deigarria da PSNren kontrolpeko gobernuaren atalean egin dituela aldaketak eta bi kargu esanguratsu ukitu dituela: presidenteorde lehena eta bozeramailea. Txibiteren irudiko, gobernuaren egonkortasuna ezin da «bere kabuz» bermatu. «Egonkortasunak gogoeta egiteko gaitasuna eskatzen du, baita egoeretara egokitzeko ahalmena ere. Estrategikoki pentsatzea da modurik hoberena etorkizunean egonkortasuna bermatzeko».

«Inertzia ez da adiskide ona, eta, horregatik, uste dut beharrezkoa dela beste erritmo bat eta beste profil politiko bat ematea gobernuari»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Hitz horien atzean antzematen da beharbada desadostasunak egongo zirela gobernuaren baitan Txibiteren eta Tabernaren artean PSNren profil politikoari buruz. Era berean, litekeena da desadostasuna zabalagoa izatea. Izan ere, azaldu du gobernuko aldaketa hori proposatu diela Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari eta haiek nahiago izan dutela euren departamentuak ez ukitu. «Inertzia ez da adiskide ona, eta, horregatik, uste dut beharrezkoa dela beste erritmo bat eta beste profil politiko bat ematea gobernuari», gaineratu du jarraian.

Mezu horrek eta kargugabetzeak berak erakusten dute lehendakaria ez dagoela kontent gobernuaren komunikazioarekin. «Gobernu aurrerakoi orok bezala, bi erronka ditu gobernu honek: batetik, ongi kudeatzea, eta, bestetik, erakustea zergatik diren politika aurrerakoiak hobeak herritarrentzat. Aldaketa horiek dimentsio bikoitz horrekin dute zerikusia».

Taberna, aholkulari

Bereziki ustekabekoa izan da Tabernaren kargugabetzea. Presidenteorde lehena zen, bai eta itxuraz Txibiteren konfiantzazko gizona ere. Aldi berean, figura politiko berezia da, ez baitu kargu organikorik PSNren barruan. Lau legealditan Nafarroako Ezker Batuko parlamentari izan zen (1991tik 2007ra arte), eta NEB alderdiko zuzendaritzako kide izan zen 1989tik 2005era bitarte. Politikaren lehen lerroa utzita, hainbat urtez CCOO sindikatuan egin zuen lan. 2014ko azaroan Maria Txibite PSNko idazkari nagusi izendatu eta gero, hark kanpoko aholkulari politiko gisa fitxatu zuen Taberna. 2019an, behin gobernuan sartuta, zeregin horretan aritu zen aurreko legealdian. Legealdi honetan, berriz, jauzi politiko esanguratsua eman du. «Duela bi urte, isilpean aritzetik erantzukizun politikoa hartzera dei egin nion», onartu du Txibitek gaur goizean, eta eskerrak eman dizkio prestasunagatik.  

Harentzako hitz onak izan ditu: «Erakundeekin errespetuz aritu da une oro, eta politika egiteko modu eredugarria azaldu du». Euren artean desadostasunik egon den galdetuta, ez du erabat ukatu. «Guztiok ditugu iritziak, eta lehendakariak kontseilari guztien eta gobernuko bazkideen iritziak entzuten ditu, baita nire alderdi barruko kideen iritziak ere. Dena den,  aipatutako arrazoiengatik egin dugu aldaketa». Taberna kargugabetuta ahots kritiko bat isildu ote duten galdetu diote jarraian. «Ulertzen dut jauregi barruko intrigak gogoko dituzuela, baina hori ez da horrela».

«Bi erronka ditu gobernu honek: batetik, ongi kudeatzea, eta, bestetik, erakustea zergatik diren politika aurrerakoiak hobeak herritarrentzat»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Gobernu barruko antolamenduaz eta berdintasun politikez arduratu da Taberna, eta orain Javier Remirezek hartuko du Presidentetza eta Berdintasun departamentuaren ardura. Deigarria da Remirez aurreko legealdian Barne, Funtzio Publikoko eta Justizia kontseilari izan zela. Eta orain kargu hori hutsik geratu bada ere, Remirezek ez du postu hori bereganatuko. Aitzitik, gobernuko bozeramaile izango da. 2023an, gobernua utzi eta Senaturako zerrendaburu aurkeztuta, Madrilera joan zen Remirez. Iruñera bueltan, senatari akta utziko du.

Hura izendatuta zer lortu nahi izan duten argitu du Txibitek: «Hura itzulita, berreskuratu egin nahi dut barrura eta kanpora begira lan egiteko modu bat. Aldi berean, zera lortu nahi dut, gobernuaren ekintzak jakinarazteko modu didaktikoago bat, bai eta mezu politiko irmoago bat ere». Txibiteren ustez, beharrezkoa da gauzak zuzen azaltzea. 

Jurio, Lopezen ordez

Hitz horiek adierazten dute Amparo Lopezek bozeramaile gisa egindako lanak ez duela asebete. Hain zuzen ere, Remirezek 2023an utzitako tokia bete zuen ordura arte Barne arloko zuzendari nagusi izandakoak. Horrez gain, gobernuko bozeramaile ere izan da. Aurrerantzean, Inma Juriok hartuko du departamentuaren ardura. 2015etik parlamentari izan da, eta segurtasunari eta bizikidetzari lotutako gaietan espezializatu da. Apirilean parlamentari izateari utzi zion, eta estatuko funtzionario postura itzuli zen, harik eta berriro Txibitek gobernurako deitu duen arte.

Txibiteren esanetan, funtzio publikoko estatutuaz eta trafiko eskumenaren itzuleraz arduratu behar izan du Lopezek orain arte, eta gai horiek zeresan handia izango dute legealdi amaieran: «Sindikatuekin negoziatu beharko da, eta oraindik lotu gabeko kontuez hitz egin behar da Espainiako Gobernuarekin». 

Bi izendapen horiez gain, Ines Jimenez Gizarte Babeseko eta Garapen Lankidetzako zuzendaria ere kargugabetu du. Haren tokia Mirian Marton Nafar Lansareko zuzendariak beteko du.

Konfiantzazko zirkulua

Ematen du etorkizun hurbileko erresilientzia horretan PSNren inguruan bildu nahi duela Txibitek. Azken inkestetan islatu denez, PSN jaitsi egin da, eta Txibitek bere konfiantzazko zirkulua bildu du berriz legealdi amaierako borroka politikorako. Izan ere, nola Remirez hala Jurio 2015etik PSNren zuzendaritzako kide izan dira. Taberna eta Lopez, berriz, ez ziren alderdi barruko egiturazko pertsonak.

Azkenik, Txibitek ez du gobernu krisia Belateko tunelaren aferarekin erlazionatu nahi izan, eta hori ere esanguratsua da. Izan ere, gobernu barruan Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak eragin ditu oposizioaren kritika gehien, eta Belateko tunelaren gainkostuekin gertatutakoak kezka handia piztu du bazkideen artean. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erantzukizun politikoa hartzea galdegin zioten PSNri. Pedro Lopez Herri Lanetako zuzendaria kargugabetu zuten sozialistek, baina Oscar Txibitek eta haren konfiantzako arduradun politikoek karguan jarraituko dute.

Hain zuzen ere, galdetu diote ea Oscar Txibite zergatik ez duen kargugabetu. «Moldaketa honek ez du erlaziorik gobernuaren kudeaketarekin, baizik eta hari eman beharreko bultzada politikoarekin». Hain justu ere, Maria Txibitek Belateko gainkostuen inguruko azalpenak emango ditu bihar Nafarroako Parlamentuan. Gaineratu du kontseilariak berak hautatuko duela Pedro Lopezen ordezkoa.

Felix Taberna eta Amparo Lopez, iragan abenduaren 30ean. JESUS DIGES / EFE
Felix Taberna eta Amparo Lopez, iragan abenduaren 30ean. JESUS DIGES / EFE

Sergio Barasoainek beteko du Remirezen tokia

Fitxa mugimenduen ondorioz, Javier Remirezek senatari izateri utziko dio, eta Sergio Barasoainek beteko du haren tokia. 1981ean jaio zen, Zuzenbide ikasketak ditu eta Mapfre aseguru etxean egin du lan azken urteetan. Gainera, 2011tik 2024ra bitartean Burlatako zinegotzi izan zen. Senatuko zerrendan hurrengoa Susana Castanera zen berez, baina hark nahiago izan du postuari uko egin eta Alloko alkate izaten jarraitu. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.