Gogora institutuak aldaketak egingo ditu bere zuzendaritza organoetan. PPk egindako galdera bati erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak jakinarazi du «zuzendariaren alboko» kargua eratuko dutela. El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, gainera, EAJk beteko luke toki hori, horrela PSE-EEren eskuetan dagoen erakundearen zuzendaritzara batuta.
Gogora 2014an eratu zen, eta Iñigo Urkullu jeltzalea Lehendakaritzan egon zen bitartean, Aintzane Ezenarro izan zen bertako zuzendaria. Azken bozen ostean, baina, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu itunean adostu zuten Justizia eta Giza Eskubideen Saila Maria Jesus San Jose sozialistaren esku uztea, eta hark Alberto Alonso alderdikidea hautatu zuen Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutua zuzentzeko.
Ia bi urte igaro dira ordutik, eta orain, sailak erabaki du instituzioaren egungo eginkizunak «nekez» har ditzakeela bere gain «zuzendari figura bakar batek». Horregatik, zuzendariaren alboko bat izendatzea erabaki dute, eta jeltzaleek izendatutako ordezkari batek beteko luke leku hori.
Sailaren arabera, Gogora eratzeko legeak jada aurreikusten zuen zuzendariaren albokoaren figura, eta zehazten du hark institutuari lotutako «garapen tekniko eta espezializaturako eskuduntzak» izan ditzakeela. Besteak beste, hark hartuko lituzke zuzendariaren eginbeharrak hura ez dagoenean, eta «institutuko zuzendaritzari laguntza teknikoa eta administratiboa» eman beharko lizkioke.
Sortu asmo duten kargu horrek zuzendari maila izango du Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egituran. Horrek, baina, «bikoiztasun» bat sortuko luke, sailaren arabera, Gogorako bi ordezkari nagusiek maila bera izango luketelako. Hala, hori «saihesteko», jakinarazi dute Alberto Alonsok sailburuorde maila izango duela aurrerantzean.
Aldaketak 130.000 euro inguruko kostua izango du aurrekontuetan. Batetik, zuzendariaren albokoari lotutako gastuak —ordainsaria, kotizazioa eta Itzarri pentsio funtsa— leudeke: 112.757 euro. Bestetik, Alonsoren maila igoerari lotutakoak: 19.474 euro.