Goizaldean aske utzi dute atzo Iruñean Ruizen aldeko mobilizazioan atxilotutakoa

Ahotsa.info-k bideo batean salatu du foruzain batek bi ostiko eman zizkiola aurpegian lurrean zegoen manifestari bati. Bart Basauriko batzokian egin dituzten pintaketak Patxi Ruizen eta amnistiaren aldeko mezuekin, eta EAJk salatu du alderdiaren izena diana batean margotu dutela.

Espainiako Poliziak manifestaria atxilotu zuen unea. AHOTSA.INFO
2020ko maiatzaren 24a
08:35
Entzun

Liskarrak izan ziren atzo arratsaldean Iruñean, Patxi Ruiz euskal preso txantrearraren elkartasunez deituriko mobilizazio batean. Espainiako Polizia eta Foruzaingoa manifestarien aurka oldartu ziren, eta Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu zuen. Ahotsa.info-k azaldu duenez, manifestariak Gaztelu plazan zirela terraza batetik ahakar egin zieten eta istilu hori baliatuta kargatu zuten poliziek. Oldarraldian manifestari bat zauritu zuten, eta, lurrean zela, atxilotuta eraman zuten; atxilotzeko unean pertsona hori lurrean minez oihuka zegoen, Ahotsa.info-k jakinarazi zuenez. Goizaldean geratu da aske.

Manifestazioa Gaztelu plazan burutu zen, eta manifestariak, Ruizen aldeko leloak zeramatzatela, aurrera eta atzera ibili ziren segurtasun distantziari eutsiz. Espainiako Poliziak eta Foruzaingoak une oro gertutik zaindu zuten, eta kazetarien lana oztopatu zuen. Atxiloketaren ondoren, manifestariak berriro Gaztelu plazan elkartu ziren, eta gero Alde Zaharreko kaleetan ibili ziren. Eusko gudariak abestuz amaitu zuten mobilizazioa.

Ahotsa.info atariaren bideo batean ikusten denez, gainera, foruzain batek bi ostiko eman zizkion aurpegian lurrean zegoen pertsona bati.

Toki gehiagotan izan ziren Ruizen aldeko mobilizazioak. Baionan berrehun bat lagun bildu ziren, eta manifestazio bat egin zuten herriko etxetik Espainiako kontsulatura, «Presoak kalera, amnistia osoa» lelopean. Baionan ez ezik, beste hainbat lekutan ere egin behar dituzte manifestazioak arratsean: Bilbon, Gasteizen, Donostian, Berangon, Lekeition, Durangon (Bizkaia), eta Arbizun (Nafarroa). Bestalde, Urruñan (Lapurdi) bost eguneko gose greba bat egingo dute bost lagunek.

EAJk jakinarazi zuenez, bart gauean Basasuriko batzokian hainbat pintaketa egin dituzte Patxi Ruizen aldeko mezuekin, eta kezka agertu du bereziki EAJren izena bilduz margotu duten diana batekin. Basaurikoarekin, hamalau dira Bizkaian pintaketak izan dituzten EAJren egoitzak. Atzo arratsaldean Arrasateko (Gipuzkoa) batzokian ere egin zituzten. Pasaian (Gipuzkoa), bestalde, edukiontzi batzuei su eman zieten atzo, eta pintaketa batzuk egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.