'DE MIGUEL AUZIA'

Gonzalezek dio EAJko kidetzak baino ez duela lotzen 'De Miguel auziko' zigortuekin

Arabako ahaldun nagusiak azaldu du bere jardueraren oinarria «eredugarritasun printzipioa» dela.

Ramiro Gonzalez, Arabako Batzar Nagusietan, uztailean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2019ko abenduaren 27a
14:01
Entzun

Arabako Foru Aldundiak urteko azken gobernu kontseilua egin du gaur, eta, bileraren ostean, hedabideen aurrean mintzatu da Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia.

Besteak beste, De Miguel auziaz hitz egin du Gonzalezek, eta nabarmendu gauza bakar batek lotzen duela auzian zigortutakoekin: EAJko kideak izateak. Ildo horretan, erantsi du diputazioaren jardunak «eredugarritasun printzipioa" izan duela eta izango duela oinarrian.

Atzo, Iñaki Oiartzabal PPko Arabako presidenteak Gonzalezi leporatu zion «ezkutatuta» egotea epaia jakin zenetik, eta ustelkeria sareari lotutako enpresekin lanean jarraitzea. Hortaz, eskatu zuen Gonzalezek agerraldi bat egin dezala berehala Arabako Batzar Nagusietan: «Lotsagarria da diputazioko agintari gorenak oraindik adierazpenik egin ez izana diputazioko, udaletako eta Eusko Jaurlaritzako EAJko kargudunei eragiten dien halako ustelkeria kasu larri batez».

Gonzalezek erantzun dio «kritika bakarra» egin diotela: agerraldirik egin ez izana sententziari buruzko iritzia emateko. Uste du «zilegi» dela kritika politikoa, baina erantsi du herritarrek «ekintzengatik epaitzen» dituztela arduradun politikoak.

Atzo, Arabako Teknologia Parkearen Administrazio Kontseiluak bertan behera utzi zuen Stoa enpresari emandako kontratua, hark Miñaoko parke teknologikoa handitzeko hirigintza plana egin zezan adjudikatua. De Miguel auziko epaian, epaimahaiak frogatutzat jo zuen 3.750 euroko komisioa pagatu zuela enpresak kontratua lortzeko.

Gonzalezek nabarmendu du erabaki hori «azkar» hartu dutela eta diputazioak «zorrotz eta legeriaren barruan» jardungo duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.