Euskararen aurkako ekinaldiak ez du etenik: bata bestearen atzetik ailegatzen dira euskara eskakizunen aurkako ebazpenak. Azkena, Espainiako Auzitegi Gorenarena, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai bat berretsi du, zeinak dioen Eusko Jaurlaritzak ezin dizkiela funtzionarioan «baldintza linguistiko berberak» eskatu azpikontrataturiko enpresei. Horrenbestez, jada epaia irmoa da.
Auziak CCOOk jarritako helegitean du jatorria. 2023ko ekainaren 6ko gobernu kontseiluan onartu zituen Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorrean eta «hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan» hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, eta haren aurka egin zuen sindikatuak.
EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ontzat jo zuen, eta, horrela, atzera bota zituen Jaurlaritzaren hiru puntu, hain zuzen ere. Bat: 1.0.6 puntua. Esan du azpikontratatutako enpresek ere administrazio publikoan dauden «baldintza linguistikoak» bermatu behar dituztela; «lehen hitza» beti euskaraz egingo dutela langileek herritarrekin harremanetan daudenean; eta agiriak-eta herritarren hizkuntza hautua aintzat hartuta egin beharko dituztela. Bi: 2.2.3. Jartzen du C1 eta C2 euskara egiaztagiriak dituzten beharginek, euskaraz ikastaroak egiteko modua badago, hizkuntza horretan egingo dituztela. Eta: 2.2.5. Hor jasota dago langileek euskara ezagutza egiaztatua badute euskarazko agiriak ez direla itzuliko gaztelaniara. Beraz, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiarekin, horiek guztiak bertan behera geratu dira.