Gorenak ebatzi du Maiorga Ramirezen «oinarrizko eskubideak» urratu zituztela EAren 2019ko primarioetan

Espainiako Auzitegi Gorenak Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpena berretsi du, eta EAren esku utzi du barne araudia ebazpenak adierazitakora egokitzea. Alderdiak erantzun du ebazpenak «indarrean ez dagoen prozesu bati» egiten diola erreferentzia.

Maiorga Ramirez, kritikoen burua, epaitegien atarian, asteon. L.RICO / EFE.
Maiorga Ramirez, artxiboko irudi batean. L.RICO / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko abenduaren 21a
18:10
Entzun

Eusko Alkartasunako ildo kritikoak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak EAko zuzendaritzak auzitegi hartan jarritako helegitearen kontra ebatzi du, eta auzibidearen kostuak ordaintzera zigortu. «Ebazpenak Maiorga Ramirezen eskubideak urratutzat jo ditu», adierazi dute kritikoek, eta gehitu dute alderdiak 2019ko primarioak berriz egin beharko lituzkeela: «Afiliatuek aukeratuko dute idazkaritza nagusia nork hartuko duen». Zuzendaritzak, baina, ukatu egin du: «Auzitegi Gorenaren ebazpenak egun indarrean ez dagoen prozesu bati egiten dio erreferentzia».

Ildo kritikoak auzitara jo ostean, Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien. Ebatzi zuen 2019ko idazkari nagusia hautatzeko primarioetan Maiorga Ramirez alderdiko idazkari nagusi izateko hautagaiaren «oinarrizko eskubideak» urratu zirela, eta, beraz, horiek errepikatzeko beharra adierazi. EAko zuzendaritzak, ordea, helegite bat jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, eta hark gaur ebatzi du, jakinarazi dutenez. Berretsi du Ramirezen eskubideak urratu zirela, eta idazkari nagusia hautatzeko prozesua berriro egitearen alde egin. Era berean, baina, alderdiaren esku utzi du barne araudia egokitzeko betebeharra, «ebazpenean jasotako exijentziak errespetatzeko baldintzarekin».

Beraz, ikusteko dago ebazpen horrek zer eragin izan dezakeen. Izan ere, iazko otsaileko XIII. Nazio Biltzarrean eta azaroko XIV. Ezohiko Biltzarrean eginiko estatutu aldaketarekin, primarioena jada ez da alderdiko idazkari nagusia aukeratzeko modua. Iaz onartutakoaren arabera, primarioak egin beharrean, Nazio Biltzarreko kideek bozkatuko dute hemendik aurrera idazkari nagusia nor izango den. Otsailean zein azaroan, horiek Eba Blancoren alde egin zuten.

Gainera, Gasteizko epaitegiaren eta Arabako Probintzia Auzitegiaren ebazpen bana tarteko, EAko zuzendaritzak «bukatutzat» jo zituen bi biltzar horietan onartutako estatutu aldaketaren eta idazkari nagusiaren hautaketaren kontra hasitako ekinbide judizialak, haietan hartutako erabakien legezkotasunaren alde egin baitzuten. Hala berretsi du gaurkoan ere: «Kongresuan eguneratutako estatutu batzuen arabera arautzen da alderdia, justiziak irmo baliozkotutako estatutu batzuen arabera». Era berean, argudiatu dute Ramirezen eskubideak berrezarri zirela iazko otsaileko kongresuan: «Konpromisario aurkeztu zen bere herriko tokiko erakundean, primarioetan parte hartzeko aukeratu zuten eta bere hautagaitza alderdiko idazkaritza nagusira aurkezteko aukera izan zuen». Ez zen, baina, primariorik egin, estatutu aldaketa adostu batzuten biltzar haren lehen egunean, eta ildo kritikoko kideek ez zuen parte hartu aurrerantzean.

2019ko primarioak

Zuzendaritzaren eta ildo kritikoko kideen arteko gatazkaren oinarria 2017ko ohiko kongresuan dago. Bi ildo agertu ziren, eta idazkari nagusia aukeratzeko bozketan Pello Urizar nagusitu zitzaion Maiorga Ramirez alderdikideari, hamalau botoren aldearekin. Baina, aste batzuk geroago, kritikoek Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaile karguak eskuratu zituzten —ildo ofizialaren esku geratu ziren Ipar Euskal Herria eta Bizkaia—. Urte hartan, bi aldeek konpromisarioen %80ren babesa izan zuen txosten politiko bat adostu zuten, kritikoen esanetan, «sistematikoki hautsi» dena.

Bi urte geroago, Urizarren dimisioarekin, EAk primarioak egin zituen. Kasu hartan, baina, Hauteskunde Antolaketa Batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza, Ipar Euskal Herrian nahikoa abal lortu ez zituela ebatzita. Erabaki hark Blancoren garaipena ekarri zuen, baina baita prozesu judizial baten hasiera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.