Gipuzkoako Auzitegiak espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zion gizon bati, 2021eko urtarrilean Aizarnazabalen (Gipuzkoa) Aintzane Pujana hiltzeagatik. Iazko maiatzean, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen zigorra, eta orain, Espainiako Auzitegi Gorenak ere bat egin du bi ebazpen horiekin, defentsak jarritako kasazio helegitea atzera botata. Epailearen arabera, defentsa ahalegindu da «bertsio alternatibo bat» aurkezten, baina ezin izan du, «krimena egozteko material ugari» baitago akusatuaren aurka.
Jatorrizko sententzian, gizonari espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zioten, hilketa delituagatik. Baita sei urteko kartzela zigorra ere: bi urtekoa Pujana prostituziora bultzatzeagatik, eta lau urtekoa hura legez kanpo atxikitzeagatik. Zinpeko epaimahai batek ebatzi zuen akusatua erruduna zela. Emakume bat ere zigortu zuten Pujanaren hilketagatik, epaimahaiaren arabera, biek izan baitzuten gertatutakoaren «aginte funtzionala».
Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren arabera, bi zigortuak eta Aintzane Pujana Aizarnazabalgo landa turismoko etxe batean bizi ziren. Pujana prostituzioan aritzen zen, eta gizona zen haren proxeneta. 2021eko urtarrilaren 1ean, Pujanak uko egin zion «izaera sexualeko lan bat» egiteari. Orduan, gizonak sakelako telefonoa ebatsi zion, eskuak lotuta autoan sarrarazi zuen eta, beste akusatuarekin batera, landetxetik gertu dagoen bidexka bateraino eraman zuten ibilgailua. Han, gizonak emakumeari eskatu zion Pujana jotzeko —sudurra hautsi zion—; gero labana bat hartzeko eta labankadak emateko, Pujana konortea galduta eta lotuta zegoela.
Akusatutako emakumezkoari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina aurrena zentro psikiatriko batean egonaldi bat egin beharko du, hogei urte baino gutxiagokoa, eta kartzelatik ateratakoan zaintzapean egon beharko du, tratamendu psikiatrikoa jasotzen, hamar urtean. Erantzukizun kriminaletik salbuesteko bi aringarri aplikatu zizkioten emakumeari: asaldura psikikoa eta egindakoa aitortzea. Emakumeak onartu egin zuen berak egindakoa, eta baita biek parte hartu zutela ere.