Greba orokorrerako deialdiak «harri eta zur» utzi du EAJko presidentea

Estebanen arabera, deialdi horrek ez du ekarriko etxe gehiago eraikitzea, ezta eskaintza handitzea ere. EH Bilduko diputatu Oskar Matutek alderdiei eskatu die «kalean dagoen bulkadari» begiratzeko etxebizitzari lotutako dekretuak bozkatu aurretik.

Aitor Esteban, aurreko astean, Espainiako Kongresuko gonbidatuen eserlekuetan. SERGIO PEREZ / EFE
Aitor Esteban, aurreko astean, Espainiako Kongresuko gonbidatuen eserlekuetan. SERGIO PEREZ / EFE
xabier martin
2026ko urriaren 8a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko presidente Aitor Estebanek garbi utzi du gaur ez datorrela bat etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrarekin. Azaroaren 11n izango da lanuztea, hain zuzen azaroaren 29ko Espainiako Gorte Orokorretarako hauteskunde kanpaina hasteko bi egunen faltan. Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek deitutako greban, ELAk eta LABek azaldu dute protestaren fokua Euskal Herrian jarri nahi dutela, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizunari begira jarrita.

Bada, Estebanek adierazi du greba orokorraren deialdiak «harri eta zur» utzi duela. EITBn egindako adierazpen batzuetan, EBBko buruak esan du jarduera gelditzeko deialdiak ez duela lagunduko etxebizitzak eraikitzen. Maricarmen Abascal Madrilen hildako emakume etxegabetuaren senide eta lagunei doluminak eman ondoren, zera azaldu du alokairuko parkeari dagokionean: «Deialdi horrek ez du eskaintza handituko».

Espainiako Ministroen Kontseiluak etxebizitza eskubideari lotutako bi dekretu onartu ditu asteon, aurreko astean kongresuan onartu ezin izan zirenen ordezko gisa, eta Pedro Sanchez gobernuburuak hauteskundeetarako deia egin duenez, legedi horiek ganberako Diputazio Iraunkorrean bozkatuko dituzte, orain arte Kongresuak izan duen ordezkaritzaren egokitzapen apalago batean.

Estebanek gogor kritikatu du Sanchezen gobernuaren erabaki hori, prozesura hori erabiltzea ez ei delako «polita» forma aldetik, nahiz eta «legezkoa» izan. Nolanahi ere, EAJk iragarri du lehen dekretuaren alde egingo duela, aurreko astean Kongresuan egin zuen moduan. Bigarren dekretua, aldiz, atzera botako dute jeltzaleek; haien baiezkoa nahikoa litzateke bigarrena ere aurrera ateratzeko, Diputazio Iraunkorrean ez baitira gehiago PPren, Voxen eta Junts per Catalunyaren ezezkoak. Hiru horien ezetzari EAJrena gehituko zaio, ordea, Sanchezen bigarren dekretua atzera botatzeko.

Omenaldirik onena

Azken egunetan, eztabaida politikoa erabat hartu du etxebizitza eskubideak, eta are gehiago azken orduetan, Maricarmen Abascalen heriotzaren ostean. Oskar Matute EH Bilduko diputatuak esan du «borrokan jarraitzea» dela ospitalean hil den 87 urteko emakumeari «egin ahal zaion omenaldirik onena». Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Matutek helarazi du ez dela bidezkoa «gutxi batzuek espekulatzeko duten eskubidea askoren etxebizitzarako eskubidearen gainetik egotea».

Eta mezu argia bidali dio EAJri: «Bozkatu behar diren bi dekretuen inguruan zalantzak dituztenei edota horietako baten edo bestearen aurka bozkatuko dutenei esaten diegu begiratzeko kalean dagoen bulkadari, eta gero euren kontzientzia aintzat hartuta bozkatzeko». Erantsi du ez duela balio «soilik errealitate dramatikoen aurrean erreakzionatzea», lehen dekretuari erreparatuz: «EAJk baztertu dituen kontratu mugagabeak indarrean daude Europako herrialde askotan».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA