Astebete geroago, Espainiako Gobernuak onartu ditu berriro etxebizitza dekretuak. Hauteskundeak aurreratzeari esker, Espainiako Gobernuak topatu du joan den astean Diputatuen Kongresuaren oniritzia lortu ez zuten bi dekretuek aurrera egiteko modua: Ministroen Kontseiluak gaur onartu ditu, eta, orain, Espainiako Gorteetako Diputazio Iraunkorrean bozkatu beharko dituzte hilabeteko epean. Han, baiezkoa jasoko du bi dekretuetan lehenengoak, EAJk baieztatu baitu aldeko botoa emango duela.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ministroen Kontseiluaren ostean egin du agerraldia. Azken orduetako erabaki nagusiak izan ditu hizpide, hauteskundeetara deitzea eta dekretuak berriro onartzea. «Uste osoz diot: parlamentuak bizkarra ematen badio gizarteari hura gehien kezkatzen den gaietan, esaterako etxebizitzarenean, herritarrek beste parlamentu bat hautatu behar dute. Bitartean, gobernuak agintzen segituko du, jendearen arazoei erantzuten», azaldu du.
«Ez da ideologia kontu bat, humanitate kontu bat baizik. Zentzu komunari erantzuten dioten neurriak dira»
PEDRO SANCHEZEspainiako Gobernuko presidentea
Dekretuei aldaketa gutxi batzuk egin dizkiete, eta Sanchezek esan du lau helburu nagusi dituztela: alokairu eskuragarria eta lehen etxearen erosketa erraztea; eskaintza gehiago sortzea; herritarrei lasaitasuna eta egonkortasuna bermatzea, eta espekulazioari aurre egitea.Â
Sanchezen iritziz, «ez da ideologia kontu bat, humanitate kontu bat baizik. Zentzu komunari erantzuten dioten neurriak dira. Jabe txikiak eta maizterrak batzen dituztenak, eta putre funtsak gerarazten dituztenak». Argudiatu du etxebizitzaren merkatuak ez diola erantzuten eskariaren eta eskaintzaren legeari, espekulazio handia dagoela, eta beharrezkoa dela esku hartze publikoa.
21 neurri
Denera 21 neurri onartu dituzte —hogei dekretu batean, eta bat bestean—, eta haietako batzuk nabarmendu ditu Sanchezek, hala nola maizterrentzako eta etxejabe txikientzako hobari fiskalak: «Hilean 800 euroko errenta ordaintzen duten maizterrek urtean mila euro aurreztuko dituzte». «Berrikuntza positibo bat» nabarmendu du: lehen etxebizitza erosteko 50.000 eurorainoko interesik gabeko maileguak eskaintzekoa. 10.000 milioi euro jarri eman horretarako.
Horrez gain, azpimarratu du badirela herritarrei «lasaitasuna eta egonkortasuna» emateari begira ezarritako neurriak; esaterako, errenta ordaintzen dutenek alokairu kontratua bi urtez luzatu ahal izatea —2028. urtera arte egongo da indarrean—, eta alternatibarik ez duten eta etxegabetu nahi dituzten pertsona zaurgarriak babestea, «haien ardura etxejabe txikiengan jarri gabe».
Presidentearen arabera, dekretuek balioko dute aldi baterako eta logelakako alokairuak erregulatzeko, putre funtsen erosketak mugatzeko eta etxebizitza turistikoak «zergak negozio gisa ordainarazteko», negozioak baitira. Horrez gain, 280 milioi euroren abalak jarriko dituzte eraikuntza industrializatura, eta 400 milioi etxebizitza sozialen sustatzaileei laguntzera.
Alokairu mugagabeen neurria jasotzen duen dekretuari buruz, berriz, aitortu du ez dagoela hura onartzeko adina indar. Horregatik, lehen dekretua ahal bezain pronto argitaratuko dute Espainiako Aldizkari Ofizialean; ez, ordea, bigarrena.
Sanchezek adierazi du gobernua «suminduta» dagoela Kongresuak dekretuak atzera bota zituelako, eta gainontzeko alderdiei eskatu die oraingoan baiezkoa bozkatzeko. Aitortu du, halaber, neurri horiek soilik ez dutela arazoa konponduko: «Esku hartze osoago bat behar da, eta etxebizitza gehiago eraiki behar dira».
EAJk bati bai, besteari ez
Dekretuak Diputazio Iraunkorrean bozkatu beharko dituzte orain, hilabeteko epean. Organo horretan ez dute behar Junts per Catalunyaren aldeko botoa —independentisten ezezkoak utzi zituen ezerezean dekretuak—, eta, ondorioz, EAJren botoa da gakoa.
Maribel Vaquero EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak arratsaldean baieztatu duenez, jeltzaleek, «koherentziaz», ez dute euren jarrera aldatuko: lehen dekretuari, neurri gehienak jasotzen dituenari, baiezkoa emango diote; alokairu kontratuak automatikoki luzatzeari buruzkoari, ordea, ezezkoa.
Vaquerok adierazi duenez, etxebizitzaren inguruko eztabaidan argi izan dituzte helburuak: pertsona zaurgarrien eta etxejabe txikien eskubideak babestea haiei «segurtasun juridikoa» bermatuta. Aipatu du putre funtsei mugak jartzea garrantzitsua zela EAJrentzat, baita aldi baterako alokairuak erregulatzea ere: «Hori zen 2023ko etxebizitza legearen gabezietako bat. Euskadin, epe luzerako alokairuak %28 murriztu dira azken bi urteetan, eta aldi baterakoak %52 ugaritu».
Dena den, jeltzalearen iritziz, dekretua «partxe bat» da, etxebizitzaren arazoa ez baita horrekin bakarrik konponduko, eta adierazi du beharrezkoa dela neurri gehiago hartzea: «Ez dago etxebizitza nahikorik, gehiago eraiki behar da, eta horretarako denbora beharko da».