«Badakigu errotik aldatu behar direla gauzak etxebizitzaren arazoa konpontzeko, baina aldaketak gauza zehatzekin egiten dira». Grebaren biharamunean, ELAk langile klasea zoriondu du, eta politikak aldatzeko lanean jarraituko dutela adierazi.
Sindikatuak grebaren balorazioa egin du Bilboko egoitzan, eta, eragileen elkarlana nabarmentzearekin batera, etxebizitzaren arazoa konpontzeko tresnak aurkeztu dituzte, hala nola: orain halako bi diru publiko bideratzea etxebizitzara, gobernuak etxebizitza hutsetan zerga bat aplikatzea, eta banka publikoa sustatzea. Gainera, gobernuei dei egin diete manifestarien eskaerak kontuan hartu eta aurrekontuetan BPGaren %1 etxebizitzara bideratu dezaten.
Greba eguna arrakastatsutzat jo du ELAk, izandako erantzunagatik eta kalean egindako indar erakustaldi «erraldoiagatik». Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak mugarritzat jo du eguna: «Mobilizazio masiboak ikusi genituen. Goizetik hasita, manifestazio oso jendetsuekin bete ziren kaleak». Muñoaren arabera, eguerdiko sei manifestazio nagusietan 200.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Arratsaldekoetan ere jende asko batu zela esan du, nahiz eta oraindik kopuru zehatza ez jakin. «Arratsaldekoa oraindik kontatzeko dago, baina hainbat hiri eta herritan manifestazioak egin zituzten, eta kaleak bete».
«Hau ez da bat-batekoa: hau denbora luzez egindako lan sindikalaren emaitza da»
AMAIA MUÑOA ELAko idazkari nagusiaren albokoa
Grebaren arrakasta zuzenean lotu dute egindako lanarekin. «Hau ez da bat-batekoa: hau denbora luzez egindako lan sindikalaren emaitza da», esplikatu du Muñoak. Bestalde, eragileen arteko adostasuna azpimarratu du. «Denon helburua greba orokor handia lortzea zen. Hori lortzeko ahalegin handiak egin ditugu azken hilabete hauetan, eta argi dago lortu dugula helburua», gogoratu du.
Etxebizitza eskubidea negozioaren gainetik jarri arte ez zirela geldituko esan zuten atzo, eta gaur berretsi egin dute. Horretarako, politiken aldaketak bultzatuko dituen eremu autonomo eta indartsu bat garatu behar dela esan dute, ordezkari politikoei interpelazioa egiteko. «Elkarlanean eta mobilizatzen jarraitu behar dugu», adierazi du Muñoak.
Bestalde, mezu argia helarazi diete Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesi eta Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibiteri: «Entzun dezatela langile klasearen oihua. Gobernuek, aldundiek eta udalek ere aintzat hartu behar dituzte gizartearen gehiengoak plazaratu dituen aldarrikapenak, eta premiazko neurriak hartu».
Muñoaren arabera, orain arte egindako politikek eraikuntzaren negozioari mesede egiten diote: «Indartu duten eredua salerosketarena izan da, bankuen etekinak handituz eta, batez ere, etxebizitza babestuaren gainbehera ontzat emanez». Horregatik uste dute politikek ekarri dutela etxebizitzaren gaur egungo egoera. «Ondorioa pobrezia, ezberdintasuna eta bazterkeria dira. Bestalde, etxebizitza errentatzaileen klasea eta putre funtsak aberasteko bide zoragarria bilakatu da».
Aurrekontuak aldatzea
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan jarri du arreta Mitxel Lakuntzak: «Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen aurrekontuak eta Nafarroakoak ikusita, kezkatzeko arrazoi ugari dauzkagu». Lakuntzak azpimarratu du EAEn %2,8 besterik ez dela etxebizitzara bideratu, eta Nafarroan gutxiago izan dela: %1,6.
Etxe babestuetan jarri du arreta. Lakuntzaren arabera, baliabide gehiago jartzen dira etxebizitzak ordaintzeko laguntzetarako, etxebizitza babestuak egiteko baino. «Inbertsio publiko honek esplikatzen du zergatik den hemen hain murritza etxebizitza babestuen kopurua: EAEn %2,6 eta Nafarroan %2». Beste herrialde batzuekin egin du konparazioa: Europan %6,5 dira etxebizitza publikoak, eta Vienan, %23. Hori dela eta, Pradales eta Txibiteri aurrekontuak ez onartzeko eskatu die, gutxienez BPGaren %1 etxebizitzara bideratu gabe.
Arazo horiei aurre egiteko neurriak jarri dituzte mahai gainean, eta, «urgentziazko» neurrien artean, hiru zehatz aipatu. Hasteko, gaur egun halako bi diru publiko bideratzea etxebizitzara: «Etxebizitzarako aurrekontua bikoiztu egin behar da, epe laburrean EAEn 1.103 milioi euro izateraino eta Nafarroan 300 milioi. Epe ertainean, berriz, kopuru hori %2raino gehitu behar da», zehaztu du.
Bestalde, uste dute gobernuek zuzenean aplikatu beharko luketela etxe hutsen gaineko zerga bat: «Gure ustez, ezin da utzi udalen menpe; gobernuek hartu beharko lukete eskumen hau, erabakitzeko eta beraiek jartzeko kanon bat edo zerga bat hutsik dauden etxe horietan». Haien ustez, horrek 40.000 etxebizitza mobilizatuko lituzke. Amaitzeko, banka publikoaren beharra nabarmendu dute. «Banka publikoa aurrekontuen bitartez sustatzen da; gure ustez, aurrekontuek banka publiko baterako ekarpen bat izan beharko lukete, alokairuko etxe babestuen parkea handitzeko eta familien eta pertsonen maileguak errazteko», esplikatu du Lakuntzak.