Datorren asterako bost greba egunera deituta daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleak. Dena dela, ikusteko dago zer gertatuko den azkenean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian esan baitu etzi negoziazio mahaia bilduko dela eta Hezkuntza Saileko ordezkariak eta sindikatuak elkartuko direla. Eta Hezkuntza Sailak beste proposamen bat ondu du sindikatuei aurkezteko; horrela, espero dute akordioa erdiesteko modua egotea: «Gure lehentasuna argia da: akordio bat lortzea ahalik eta azkarrena».
Sailburuak badu horretarako esperantza. Esperantza eta borondatea. Irmo mintzatu da: «Ez gara negoziazio mahaitik altxatuko etorkizunera begirako akordio serio bat lortu arte». «Zentzuzko» itun bat dute xede, «ikastetxeen beharrei erantzuten diena» eta emaitzak hobetzeko balekoa izango dena: «Gatazka jakin bat konpontzeaz ez ezik, eraikitzeaz ere ari gara, hemendik aurrera eskola publiko eta hezkuntza sistema sendoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeaz; horrek ikasleen emaitzak hobetzea bermatuko du, eta hezkuntza arrakasta». Sindikatuei ere «benetako borondatea» galdegin die. Eta zera ohartarazi du: «Ez bada akordiorik lortzen, ez da izango gobernu honek konpromisorik ez duelako».
«Ez gara negoziazio mahaitik altxatuko etorkizunera begirako akordio serio bat lortu arte»
BEGOÑA PEDROSAEusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Izan ere, dioenez, Hezkuntza Saila beti egon da negoziatzeko prest, eta, horren seinale, esan du 30 bilera baino gehiago egin dituztela dagoeneko irakasleentzat lan itun berri bat erdiesteko. «Lortu ditugu beste hiru akordio azken hilabeteetan. Zergatik ez dugu lortuko hau?».
Proposamen berria
Horretarako, etzi mahai bueltan elkartuko dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila, eta sailaren beste proposamen bat izango dute hizpide: «Proposamen berri, bideragarri eta on bat jarriko dugu mahai gainean».
Testu osoa ostegunean ipiniko dute sindikatuen eskura, baina dagoeneko zenbait neurri xehatu ditu sailburuak. Lehen Hezkuntzako ratioak jaitsi asmo dituzte, eta ikasgela bakoitzean gehienez ere 22 ikasle egongo dira, «ikasleei arreta hobea emateko». Aparteko baliabideei dagokienez, sailburuak ziurtatu du ikastetxe publiko guztiek irakasle gehiago izango dituztela. Neurri horrek hainbat helburu izango ditu: hezkuntza hobetzea, ongizate emozionala areagotzea eta erantzun hobea ematea iritsi berri diren ikasleen eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen beharrizanei. Halaber, hizkuntza proiektuetarako aholkulari gehiago jarri asmo dituzte, «ikasleen hizkuntza gaitasunak hobetzen eta arrakalak murrizten laguntzeko». Gainera, soldatei dagokienez, irakasleentzako «bidezko ordainsari proposamena» iragarri du, baita «testuingururik zorrotzenetan edo konplexuenetan» lan egiten duten irakasleentzako «berariazko errekonozimendua» ere.
Sindikatuak, berme eske
Steilasek dagoeneko egin du sailburuaren iragarpenaren inguruko balorazioa. Sindikatuko ordezkari Haizea Arbidek esan du neurriak idatziz jaso behar direla, ez ahoz: «Ez da lehen aldia neurri batzuez hitz egiten dutena eta gero idatzizko proposamenean agertzen ez direna». Hezkuntza Sailaren jokatzeko moduarekin ere kritiko agertu da. Izan ere, ziurtatu duenez, sindikatuei «diskrezioz» jokatzeko eskatzen diete, baina gero sailak berak hedabideetan eman du proposamenaren berri, sindikatuekin «inolako kontrasterik egin gabe»: «Oso larria iruditzen zaigu».
«Ez da lehen aldia neurri batzuez hitz egiten dutena eta gero idatzizko proposamenean agertzen ez direna»
Haizea ArbideSteilaseko ordezkaria
Antzera mintzatu da LAB ere. Komunikabideen bidez izan dute deialdiaren berri, eta «larria» iruditzen zaie: «Sailburuak egindako adierazpenen ondoren heldu zaio LABi deialdi ofiziala». Gainera, salatu dute idatziz ez dutela proposamenik jaso. Hori horrela, LABek ez du argitu mahaian parte hartuko ote duen edo ez: «LABek aztertu egingo du parte hartuko duen edo ez, argi baitu marketin ariketa bat dela negoziazio proposamena hedabideen bitartez egitea aurrez sindikatuei idatziz inolako proposamenik helarazi gabe».
Bitartean, Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —Interinok taldea ere batu da deialdira— dagoeneko erregistratuak dituzte datorren asterako grebak; atzo egin zuten tramitea. Kaleak hartzeko deia egitearekin batera, zera salatu zuten: grebak iragarri zituztenetik, apirilaren 10etik, ez zutela jaso Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin biltzeko deialdirik. Gaur jaso dute deia.
ELAk, berriz, ez du «marketin mahairik» onartuko, eta, ohar bidez azaldu dutenez, «kautelaz» jokatzeko asmoa dute. Izan ere, uste dute Jaurlaritzaren jarrera ez dela adostasunak lortzeko egokiena.