Gregorio Vicario euskal presoa aske geratu da, zigor osoa beteta

25 urte egin ditu kartzelan: hamabost urte egin zituen Frantzian preso, eta hamar baino gehiago Espainiako eta Euskal Herriko espetxeetan. 68 urte dituela atera da kartzelatik.

Presoen aldeko mobilizazio bat, Iruñean, 2024an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Presoen aldeko mobilizazio bat, Iruñean, 2024an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 8a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gregorio Vicario euskal preso durangarra (Bizkaia) aske geratu da, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Orotara, 25 urte egin ditu kartzelan: hamabost urte egin zituen Frantziako Estatuko espetxeetan, eta segidan Espainiaratu zuten; 2021 amaieratik Euskal Herrian zegoen preso. Zigor osoa bete du, eta aske utzi dute. 

Gregorio Vicario Setien 2001eko martxoan atxilotu zuten, Frantzian, Annonayen. Orduan, Parisko epaitegiak zigorra ipini zion, eta Frantziako Estatuko espetxeetan egon zen preso. 2016. urtean, berriz, Espainiara mugitu zuten, eta Auzitegi Nazionalak berriz zigortu zuen.

Sarek eta Etxerat-ek 2021eko azaroan eskatu zuten Vicariori «berehala» hirugarren gradua emateko eta hura baldintzapean aske uzteko. Astebete lehenago bihotzeko ebakuntza bat egin zioten, Leongo (Espainia) kartzelan zegoen bitartean. Urte bereko abenduaren 30ean Euskal Herrira ekarri zuten Burgostik (Espainia), beste zazpi euskal presorekin batera. 

Joan den apirilean, Frantzian betetako kartzelaldia kontuan hartu zioten jada beteta zeukan zigorrean, 7/2014 legea aplikatuta. Hala, gaur atera da Basauriko espetxetik (Bizkaia). Han zegoen preso, bigarren gradu arinduan. 68 urte dituela atera da kartzelatik. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA