Pazientzia gutxikoak omen dira zazpikiak. Presaka, eta egon ezinik, zerbait aldatu beharraren beharraz… Eta hala geunden gu ere, 80ko hamarkadaren hondarrean, Leioako Kazetaritzako Fakultatean. Zerbaiten esperoan, arrastorik gabe zer etorriko zen, zazpikiak bagina bezala. Izan ere, horrela bataiatu zuen garai hartan egunkari bateko zutabegile batek Euskaldunon Egunkaria-ren proiektua: egunkari zazpikia. Iltzatua geratu zitzaidan euskal kulturarentzat erreferente zen kazetari hark eman zuen epaia; izan ere, ene etxean, aitak xaxpiki baliatzen du txoropito, kaskarin edo buruarin esan nahi duenean. Baina, ongi pentsatzen hasita, beharbada arrazoi zuen zutabegileak… Miraririk izan baldin bada herri honetan, eta izan dira batzuk, hori Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerarena izan zen, eta ondoko hamahiru urteak, zer esanik ez. Ilusioz, gaztetasunez, ezjakintasunez, ausardiaz eta lanez beteriko urte gogorrak eta politak, zalantzarik gabe, zazpikiz osaturiko talde batek baino ezingo zukeena aitzinatu.
Hogeita hamabost urte iragan dira, eta BERRIAk adimen artifizialaren erabilera arautzeko dekalogoa onartu eta aurkeztu du. Bide luze honetan, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerako hamaika printzipioak —mandamentuak balira bezala geure egin genituenak— atxiki ditu BERRIAk, eta beste batzuk gehitu, hogeita hamabost urte ez baitira alferrik pasatu. Erronka berriak ditugula begi bistakoa da, desafio latzak eta zalantzaz beteriko etorkizuna, hizkuntza gutxiagotu batean bizi nahi izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta egoera batzuk anitz aldatu badira ere, beste batzuek hor diraute. Horretarako, beharrezkoak dira zazpikiak, ezinezko dirudiena egia bihurtzeko gai direlako egunero-egunero. Eta erronka hori gidatzeko ardura dutenek nigan pentsatu dute lehendakari posturako. Ohoratua eta hunkitua nago, eta bidelagun izanen naiz BERRIAren ondoko bost urteetako abentura honetan.
Ikusi gehiago